Datu dantza etorri zen Espainiako Barne Ministerioak ez zituelako zuzen argitaratu Aretxabaletan jasotako datuak; eta hainbat komunikabidek jaso zituzten hark emandakoak, hau da, PSE-EEri zinegotzi bat eta EH Bilduri bost.
Bestetik, Alderdi Sozialistak, beste herri bateko boto paperak (Soraluzekoak) banatu zituen etxeetara hauteskunde aurretik, eta hutsegitea zuzentzen saiatu arren ez zuten guztiz lortu. Domekan, Soraluzeko zerrendaren hainbat boto jaso zituela jakinarazi zuen Miren Lorea Lana Aretxabaletako alkategaiak: "Hutsegite bat izan genuen, eta, ondorioz, Soraluzeko 36 boto jaso ditut; baliogabeak dira horiek. Zinegotzi izateko atarian geratu naiz". Hain zuzen ere, 216 boto jaso zituen PSE-EEk Aretxabaletan, eta beste 36 behar zituen zinegotzi bat eskuratzeko.
Boto abertzalea gora
Parte-hartzeak 3,21 puntu egin zuen gora 2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, eta, horrekin batera, boto kopuruak ere bai abertzaleen kasuan. EAJk boto zaparrada jaso zuen, 2015ean baino 210 gehiago, eta EH Bilduk 120 gehiago. Biek ala biek zinegotzi bat gehiago izango dute agintaldi honetan. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek –lehen Irabazi–, ostera, galdu egin dituzte botoak eta ez dute zinegotzirik eskuratu. Ondorioz, bi alderdi abertzaleek bakarrik osatuko dute udalbatza.
Alkate izango den Unai Elkoro oso pozik dago: "Bagenuen irabazteko itxaropena, baina lehia estuagoa izango zela uste genuen; botoen %48 jaso dugu, eta oso emaitza ona da hori. Jarraitzeko indar handia ematen digu".
EH Bilduko Ion Albizuk dio herritarrek boto baliagarria hautatu dutela: "Gurea alternatibako proiektua da, sendotzen dabil eta etorriko da bere unea. Debagoieneko Mankomunitatea berreskuratu dugu eta pozik gaude".
Elkarrekin Podemoseko Rafa Bernal penatuta zegoen: "Demokraziarentzat ez da ona aldebikotasun hau".
Foru Aldundirako hauteskundeetan ere EAJ izan zen nagusi (1.653 boto) eta Europako Parlamenturakoan EH Bildu (1.460).
Udal hauteskundeetako datuak
Hona hemen Udal hauteskundeetako datuak hauteslekuan mahairik mahai jasotakoak.
1. mahaia (Iparraldea): Otalora, Santa Kurtz, Sarasate, Guridi, Elkano, IparragirreMurubide eta inguruak.
2. mahaia (Erdigunea): Lausitta, Herriko Plaza, Mitarte, Andramari eta inguruak.
3. mahaia (Hegoaldea): Araba ibilbidea, Loramendi, Belorrieta eta inguruak.
4. mahaia (Auzoak): Markole, Txarapea eta baserri auzoak.