Oinarrian Amaia antzokian otsailean estreinatu zuten ikuskizuna bada ere, "ezberdina" izango dela dio antolatzaile taldeko Javier Marcosek: "Berrikuntza handienak dira, batetik, sinfonia kooperatiboa osatzen duten zortzi abestiak kantatuko ditugula; hau da, bilduma osoa –Arrasatekoan, lau abesti genituela kontutan hartuta–; eta, bestetik, hiru bideo txertatu ditugula ikuskizunean".
Musika bada ere ikuskizunaren oinarri nagusia, umorea ere osagai garrantzitsua izango dela gaineratu du Marcosek: "Herri txiki infernu handi saioaren estiloko bideoak egin ditugu, eta horiek Industria, Omenaldia eta Nazioartekotzea ataletan erakutsiko ditugu. Herriko edo kooperatibako hiru pertsona aukeratu ditugu, eta modu informalean euren testigantzak jaso ditugu bideo bitxi batzuetan".
150 artista taularen gainean
Pili Kaltzada aurkezleak egingo ditu kantuen arteko loturak, eta alboan izango du Xabi Igoa bertsolaria. "Kantu bakoitzak bere aurkezpen propioak izango ditu: aurkezleak egingo duena, batetik, eta Xabi Igoaren bertsoa, bestetik. Ondoren, sinfonia osoa abestuko dugu, eta kantu batzuetan, Jaiki eta Leizarra Musika Eskolako dantzariekin".
Tokian tokiko abesbatzei tokia egiteko asmoa izan dute hasieratik; hori horrela, bihar, Aretxabaleta Abesbatza, Leizarra musika eskolako abesbatza, Arizmendi Ikastolako abesbatza eta Iubilo Bilbao abesbatza izango dira, Arrasate Musikaleko orkestra lagun dutela.
Ekainaren 9an, Oñatin
Irailaren 14an Buesa Arenan egingo duten ekitaldi nagusiaren aurretik, Oñatiko San Migel parrokian eskainiko dute ekainaren 9an. Dagoeneko prestaketa lanean ari dira Ganbara Abesbatzetakoak, Oñatz Dantza Taldekoak eta baita herriko bertsolariak eta txistulariak ere.