Gune sozio-sanitario aintzindaria sortu gura du EAJk herri erdian

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 23a, 11:12

Unai Elkoro buru zela EAJko hainbat kide elkartu ziren atzo, Santa Kurtz eta Otalora kaleen bueltan, Aretxabaletarako dituzten asmoen berri emateko herritarrei, besteak beste gizarte zentroa eta lehen arreta sozio-sanitarioa.

Lau urteotan egindako lanaren berri eman gura izan diete herritarrei EAJko kideek, "argitzeko planifikaziorik gabeko gobernu bat izan dela egotzi" izana:  "Lehenengo egunetik lanean aritu gara; hasieran baliabide gehiegi gabe, baina kudeaketa arduratsu eta aldarte negoziatzailea medio gai izan gara tanatorioko arazoa konpontzeko, Eroski berria bideratzeko Azben, komentuaren erosketa akordio bikain bat lortzeko edo kirol etxeko kalteei erantzun azkarra emateko. Aldi berean hirigintza lan txikiak baina beharrezkoak ere burutu ditugu", adierazi du Elkorok eta lan horietako batzuk aipatu ditu: eliza ondoko espaloia berritu, eta Txarapeako berdeguneko eskailera eta skate parkea egin.

Gizarte zentroa eta lehen arreta sozio-sanitario zentroa

Baliabideek aukera eman dutenean proiektu handiagoei heldu dietela gaineratu du EAJko alkategaiak, horren adibide aipatuz futbol zelai berria, kaleen konponketak eta irisgarritasun lanak, besteak beste. "Aldi berean etorkizuneko beharrei erantzungo dieten proiektuak lantzen jardun dugu agintaldi osoan ezaugarri izan dugun gardentasunarekin. Lanketa ezin hobea zalantzarik gabe, hauteskunde programak egiterako orduan EH Bilduko hautagaiak ere bere egin dituelako proiektuok". Hala ere, bi alderdien proiektuen arteko "alde nabarmenak" azpimarratu gura izan ditu.

Batetik komentua dago eta helduentzako gizarte zentro bat egitea da EAJren proposamena. Eraikin berean Basotxo elkartea, eguneko zentroa eta etxebizitzak bilduko lituzkete: "Ezinbesteko sinergiak aprobetxatuz zerbitzu jasangarri bat emateko. Bide batez, kaperako aretoa aurtengo aurrekontuan txertatu genuen eta proiektua astean izango dugu", jakinarazi du.

Bestetik dago lehen arreta sozio-sanitario zentroa, egoitza zaharreko eraikinean. "Osakidetzarekin landu dugu; anbulatorioak bi solairu eta soto erdi beharko lituzke, eta azken solairua, udalarentzat izango litzateke beste soto erdiarekin batera. Gaur egungo beharrei egokitutako zentro aitzindaria izango da, arreta sozio-sanitario integrala eskainiko duena".

Eta Unai Elkorok gaineratu du herri erdian sortu gura dutela gune sozio-sanitario aitzindaria: "Aretxabaletako biztanleriaren zahartzeak ezinbestekoa egiten du etorkizunean izango diren beharrei aurre egiteko. EH Bilduko proiektuan, ostera, lehentasuna herriko eragile ezberdinak komentuan batzea da; beste zerbitzuei ezin uko egin eta nonbait kokatu beharrean proiektua tuneatu da. Bi aukeren arteko ezberdintasunak ez dira hutsalak, lehentasunak erabat ezberdinak dira".

Igandean bi aukeren artean hautatu beharko dela diote EAJko kideek: "Aretxabaletarrok jakingo dugu bozkatzerako orduan kopia eta originalaren artean ezberdintzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak