Zer moduz joan dira lau urte hauek?
Oro har, balorazioa positiboa da. Agintaldi hasieran finkatutako helburuak, nagusiki, bete ditugu. Talde sozialistatik, gure jarrera beti izan da eskuak zabalik edukitzea, eta Aretxabaletaren eta aretxabaletarren onerako diren akordioak lortzea izan da gure helburua.
Zergatik erabaki duzu errepikatzea?
Oso gustura nago udaletxe honetan, bai arlo politikoan, bai arlo instituzionalean, eta baita arlo pertsonalean ere. Gainerako talde politikoekiko harremana oso erosoa eta dinamikoa izan da.
Zer da Aretxabaletatik gehien gustatzen zaizuna?
Herria, oro har, asko gustatzen zait. Herritarrak oso adeitsuak dira. Duela lau urte, iritsi nintzenean, herritar bat gehiago banintz bezala hartu ninduten, esku zabalik. Beraz, hitz onak besterik ez ditut Aretxabaleta eta aretxabaletarrak definitzeko.
Herriko zein txoko duzu gustukoen?
Udaletxe inguruak eta kanpoko jardina, eta herriko plaza. Beti dago oso giro ona.
Zein proiektu egingo zenuke alkate izan ezkero edo erabakiak hartzeko aukera izan ezkero?
Adin nagusiko jendeari dagokionez, adibidez, monitore bat kontratatuko nuke, goizetan aktibitate ezberdinak antolatu ditzan kolektibo horri zuzenduta, eta era horretan, haien familiarrak ere liberatzea. Bestalde, berdintasun planarekin jarraituko nuke. Kostu handirik ez duten bi aspektu dira, eta zaintza lanetan ari direnen liberazioa ekarriko lukete –emakumezkoak direlako gehienak–.
Alkate izango bazina egingo zenituen hiru gauza nagusiak.
Erronka nagusia izango da ahalik eta kontsentsu gehieneko gobernua osatzea, plurala, egonkorra eta zeinaren kudeaketa agenda sozialean oinarritzen den. Horregatik, anbizio handiko programa bat proposatuko dut, langabeziak herritar eta familia askoren arazo izateari utz diezaion. Horretarako, enfasi berezia jarriko dut gazteak, emakumeak, epe luzeko langabetuak edota 45 urtetik gorako langabetuak bezalako kolektiboei laguntzeko ekimenak gauzatzen. Politika sozialei lehentasuna emango diegu, eta gure zerbitzu sozialek azkar artatu beharko dituzte adin nagusiko herritarrak, gazteak, nerabeak eta bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak, zerbitzu osoa eskaini. Bultzada ekonomikorako neurriak sustatuko ditut.
Aretxabaleta hobetzeko hiru neurri.
Lehenik, ingurumenarekiko errespetua eta promozioa, gaur egungo eta etorkizuneko balio den heinean. Gero, energia berriztagarriak garatu, eta herrian hori sustatu, adibidez, herriko argiteria publikoa led argiteriarekin ordezkatuz. Azkenik, hilabete bukaerara iritsi ezin diren horientzat bonu sozialak jarriko nituzke, elektrizitatearen, gasaren edota uraren fakturak ordaindu ahal izan dezaten.
PSE-EEk zer du Aretxabaletari eskaintzeko?
Maiatzaren 26an asko dago jokoan. Zerbitzu publiko gehiago eta hobeak dituen herri bat eraiki behar dugu. Agintaldi honetan erakutsi dugu, erabakigarriak izanda, instituzio ezberdinetan eragin dugula, herriarentzako hobeak diren iniziatibak lortzeko. Horregatik. herriaren baliabideak optimizatzean jarriko dugu nire arreta guztia. Aretxabaletarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuetan inbertitzea izango da lehentasuna.
Zein arlotan gura du eragitea PSE-EEk lau urte hauetan?
Feminismoan, ekologismoan eta modernitatean eta aurrerabidean.
Kanpoko bati nola definituko zenioke Aretxabaleta?
Leintz bailarako herri bat da, mendiz inguratuta dagoena, eta arte multzo artistiko eta monumental zoragarria duena. Gaur egun udaletxea den XVIII. mendeko Arratabe jauregia, Otalora eta Arkarazo jauregia, eta XV.mendeko Otalora eta Galartzako dorretxeak. Aretxabaleta oso leku egokia da umeentzako. Urkulu, adibidez, lagun artean edota familian eguna pasatzeko leku atsegina da, herritarrentzako zein kanpotik datozenentzako. Mendizaleentzako, Kurtzebarri daukagu. Oro har, herri atsegina da Aretxabaleta.
Aisialdian, zer gustatzen zaizu egitea?
Irakurtzea, Euskadiko txoko ezberdinak ezagutzea, eta Euskaditik kanpo ere bidaiatzea, herrialde eta jende berriak ezagutzeko.
Zer egiten duzu lanetik eta udaletxetik deskonektatzeko?
Sukaldean asko disfrutatzen dut. Erlaxatu egiten nau eta deskonektatzen lagundu. Horrez gain, lagunekin irtetea gustuko dut, hitz egitea asko gustatzen zaidalako.
Feministatzat duzu zure burua? zer egin zenuen martxoaren 8an?
Bai, feminista kontsideratzen naiz. Martxoaren 8an greba egin nuen, eta manifestazioan izan nintzen.
Bada parekidetasunik Aretxabaletan? Zer egingo zenuke hori lortzeko?
Gizonen eta emakumeen arteko parekidetasun erreala egon dadin lanean jarraitu. Izan ere, legala bai, baina ez dago parekidetasun errealik. Zuzenbidezko berdintasuna eta benetako berdintasuna gauza bera izan dadin gurako nuke.
Kulturari dagokionez, zein behar ditu herriak?
Programazio kultural zabalagoa eta ezberdinagoa proposatzen dugu. Tokiko kolektiboei dirulaguntza gehiago ematearen alde gaude.
Euskarari zein garrantzia ematen diozue? Sustatuko duzue?
Euskara ezinbestekoa da. Komunitate elebidun batean bizi gara, eta hizkuntza bakoitzak du bere aberastasun propioa eta kulturala. Baina beste hizkuntza batzuengan ere jarri behar dugu begirada, gizarte globalizatu batean bizi garelako. Hori dela eta, ingelesa ere garrantzitsua da eskoletan.
Apirilaren 28ko emaitzak zer iruditu zitzaizkizun?
Emaitza horiek agerian utzi zuten hau zentro-ezkerreko herrialde bat dela, herrialde sozialdemokrata.
Uste duzu orain duzuen zinegotzia berretsiko duzuela maiatzaren 26an?
Boto-emaileekiko errespetuagatik, itxaron egin beharko dugu hauek botoa eman arte eta erabaki arte zein udal gobernu gura duten datorren agintaldian. Gu haien zerbitzura gaude, eta haiek kokatzen gaituzten lekua edozein dela ere, gure jarrera bera izango da. Hau da, gehiengoaren interesak defendatzea bilatzen duen ezker posibilista bat ordezkatzen dut, sigla politikoez harago. Beti egongo naiz egiten didaten edozein proposamenekin laguntzeko prest, beti ere, Aretxabaletako zerbitzu publikoak hobetzeko laguntzen badute. Espero dut aretxabaletarrek berriro ere konfiantza izango dutela alderdi sozialistarengan. Zinegotzi bakar bat baino gehiago izatea ere gustatuko litzaidake, noski.