Gazteen emantzipaziorako etxebizitzak sustatzearen alde agertu da EH Bildu

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 15a, 14:41

Aretxabaletan errentan hartzeko dauden etxebizitzen gaineko erretratua egin du EH Bilduk, eta ondorioztatu du "ia ezinezkoa" dela bat alokatzea eta "are eta zailagoa gaztea izanik". Horren aurrean irtenbideak proposatu gura izan ditu.

Etxebizitzen egoerari "aurre egitea" du EH Bilduk helburuen artean; eta horren beharra antzeman dute herriko egoera ezagutu ondoren. Txarapea ibilbidean, bukatu barik geratutako etxebizitzen aurrean, elkartu dira zerrendako hiru kide: Ion Albizu alkategaia, Mikel Uribeetxebarria eta Ione Ojea. Hona hemen eman dituzten datuak: "Alokairu sozialeko hogei etxebizitza, Eusko Jaurlaritzarenak, Bedarretako San Migel auzoan; 145 etxebizitza hutsik; Bizigune programan izena emandako etxebizitzak hamasei, 2017an; eta herriko 71 familia programa horretan etxe eskaera eginda zutenak 2017an; errenta-prezioak 600 eurotik gorakoak; eta ia etxerik ez alokatzeko". Gaineratu dute, babes ofizialeko etxebizitza batzuk txikiegiak direla zenbait familiendako.

Horren aurrean eta egoera ezberdinei erantzun nahian, hiru proposamen egin dituzte: 

Batetik, gazteen emantzipaziorako udal etxebizitzen proiektua dago, eta aukera ezberdinak garatu ahala zehaztuko dituztela adierazi dute: "Hori errealitate izan dadin hainbat diru iturri ikusten ditugu: etxe hutsen IBIren errekargutik jasotzen dena; alokairuaren truke jasotako dirua horretara bideratzea; eta Udalaren eta beste erakundeen ekarpenak bideratzea", adierazi du Ion Albizu alkategaiak.

Bestetik, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago gura dituzte, Eusko Jaurlaritzarekin egonda: "Bi bide ikusten ditugu: alokairuzko etxebizitza gehiago eraikitzea; eta, Txarapean dauden babestutako etxebizitzak saldu ahala administrazioak erosi horiek eta alokairuan jarri". 

Eta hirugarrenik, beste aukera batzuk aztertzea proposatu dute: etxe kooperatiboak, komunitarioak eta intergenerazionalak, besteak beste: "Krisiaren ondorioz bukatu barik dauden etxebizitzei irtenbidea emateko beste eredu batzuk interesgarritzat jotzen ditugu. Eta horretarako erakunde ezberdinen inplikazioa bilatuko dugu".

Era berean, 40 urtetik gorako etxebizitza gehienek berreskurapen integrala behar dutela aipatu du Albizuk, eta horretarako neurriak hartzeko gertu agertu dira: plan bereziak, diru-laguntzak, arauen malgutasuna…

Hurrengo lau urtetan lehentasun izango dela hori guztia EH Bildurendako gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak