Ion Albizu: "Denok lekua edukiko dugun gobernu bat osatzeko ahalegina egingo nuke"

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 20a, 07:00

Ion Albizu Gonzalez Durana kalean.

Nafarroan jaiotako aretxabaletarra dela dio EH Bilduren alkategai Ion Albizu Gonzalezek (Lizarra, 1978). Gizarte hezitzailea eta familia terapeuta da, eta azken agintaldian zinegotzi lanetan jardun du. Dena den, "betidanik" sentitu izan du ingurua hobetzeko zerbait egin beharra, eta dio horren adibide direla 15 urterekin Lizarraldeko mugimendu antimilitaristan sartu izana eta gazte eta LGTB mugimenduetan jardun izana.

Lehenengo agintaldian zinegotzi, bigarrenean alkategai; gelditzeko etorri zara Udal jardunera?

Nik bizitza beti erronkaka hartzen dut, zinegotzi erronka bete dut. Hurrengo erronka, herritarrek hala nahi badute, alkatetza izango da. Hortik aurrera zeinek daki…

Aretxabaletan jaioa ez izatearen zama nabaritzen duzu?

Ez, ez dut zamatzat hartzen. Gipuzkoatik kanpo jaio garen aretxabaletarren %22aren artean nago, herri anitza dugu. Ondo ezagutzen dut herria eta jendea.

Zer da herrian gehien gustatzen zaizuna?

200 biztanleko herri txiki batetik nator, hiri batean bizi izan naiz; Aretxabaletak tamaina egokiena duela esango nuke: inguru eder batekin gehituko nuke.

Nafar bat Gipuzkoa barruan. Konektatu duzu aretxabaletarrekin?

Bai, eta, hizkuntza izan dela gakoa esango nuke. Nik eskolan erdaraz ikasi nuen, eta gaur egun euskaraz bizi naiz. Bide ederra izan da hori; aretxabaletartu naiz.

Alkatetza lortuz gero egingo duzun lehenengo gauza?

Beste talde politikoei deitu eta denok lekua edukiko genukeen gobernu bat osatzeko ahalegina egingo nuke. Nire apustua sendoa da ildo horretan aritzeko; hori da nire estiloa. Uste dut, gainera, hori posible izan dadin lan egin dugula lau urteotan. Eta posiblea izango da.

EH Bilduk zein alorretan eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Ni, formakuntzaz, familia terapeuta eta delineatzailea naiz: beraz, hirigintza humanoagoa (jendearen beharretatik gertu dagoena) eta ongizate eraginkorragoa (jende gehiagoren egoeraz arduratzen duena) egin nahiko nuke. Udaletxeko makinariak aldaketa batzuk eskatzen ditu eraginkorragoa izan eta herritarrak hobeto atenditzeko. Lerro garrantzitsua izango da hori.

Ze proiektu zehatz egin nahiko zenituzke, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

Zaintza gune bat sortu nahi dugu. Bertan osasun etxea (Basotxo eraikineko beheko solairuan), hirugarren adinerako etxebizitzak (eraikin berdineko lehenengo eta bigarren solairuan) eta eguneko zentroa (gaur egungo osasun etxeko lokaletan) kokatuko genituzke. Aretxabaletarako benetan jauzi kualitatiboa izango da horrela azpiegiturak martxan jartzea. 

Bestetik, komentuko proiektua dugu. Han herritarrentzako gune bat sortzea nahiko genuke. Sotoan, eta kuartelean dagoen eutsi ezinezko egoerari irtenbidea emanez, musika taldeendako entsegu lokalak eta tailerrak sortuko genituzke. Beheko solairuan Basotxo elkarteko lokalak, taberna, erabilera asko izango dituen gela eta komentuko kapila areto nagusi moduan (kontzertuak, erakusketak, ezkontzak, hileta zibilak…). Goiko pisuan elkarte ezberdinen bulegoak, dantza eta gimnasiarako aretoak eta bilera gelak egingo genituzke. Eta guretzat oso garrantzitsua den elementu bat: lorategian, 1.000 metro koadroko gune estali bat, eta, ibairaino jaisten den parke bat.

Hirugarrenik, proiektu sorta bat esango nituzke. Mugikortasun seguruaren arloan ditugun ideia mordoa, energia berriztagarrien ingurukoak... Eta gure apustu sendoa izango dena, etxebizitzarena: gazteen emantzipaziorako etxebizitzak, alokairu publikoak,… Eta gero, hainbat kalek eraberritzea behar dutela uste dugu.

Astialdian zer gustatzen zaizu egitea?

Umeak ditudanetik astialdia familia da; mendira joan, etxeko txapuzak egin… Azken hori oso gustuko dut.

Etxean zelan banatzen dituzue lanak?

Nire senarra eta bion artean gustu, abilezia edo denboraren arabera banatzen ditugu familia eta etxeko lanak: negoziazioz eta pazientziaz.

Beste herri edo hiri batzuetan ikusitako zer ekarriko zenuke Aretxabaletara?

Edozein tokitatik atera daitezke gauza onak, beti begiak zabalik ditut. Hirigintza sinplea, erosoa, txukuna eta merke asko ikusi dut. Kudeaketa mailan Oñati edo Orereta dira nire erreferenteak: elkarren arteko lana, errespetua...

Lau urte egin dituzu oposizioan baina Udal jarduna ondo baino hobeto ezagutu duzu. Ezer aldatuko zenuke?

Oposizio hitza inoiz ez zait gustatu. Politika egiteko era aldatuko nuke, argi eta garbi: gardena. Eskuzabalik egon gara lau urteotan, eta EAJ, PSE-EEren besoetara joan da, doako botoaren bila. Herriarekin inongo lotura ez duen zinegotzi batengana. Esaten dute, behin eta berriz, legealdi lasaia izan dela, eta hala da. Lasaia izan da gobernua hanka puntetan pasatu delako gai guztien gainetik, eta guk, apustu estrategikoa egin dugulako harreman sare iraunkorra eraiki zedin. Herritarrek gauzak konpontzeko beharra dute, eta horretarako, arduratsuak izan behar dugu. Kritikatzeko aukera ugari eduki ditugu, batzuetan egin dugu soilik. Horrelako politika egitea, batzuen ustez, ez da errentagarria gauza asko tragatu behar dituzulako, baina, zer da politika egitea bestela?

Potentzialik badu Aretxabaletak?

Ikaragarrizkoa. Ni ez naiz hori esaten nekatzen. Badu potentzial humano ikaragarria: formakuntzan, pentsamenduan, antolakuntza mailan… Aretxabaleta, gutxi eginda, etorkizunak ekarriko lituzkeen erronkei aurre egiteko oso indartsu egon daiteke.

Bizitza duen herria da?

Bai horixe. Pasatzen dena da bizitzeko modua aldatu egin dela. Nahiz eta taberna gehiago egon, dena ez da poteoaren inguruan bakarrik mugitzen. Herria bizitzeko era oso ezberdinak daude. Hobetzeko zer egin? Saiatu aniztasun hori ondo ulertzen eta gauza berriak egiten: betikoa eginez ezin duzu espero emaitza ezberdinak. 

Gero eta taberna gehiago eta merkataritza gutxiago…

Esandako moduan gizartea aldatzen dabil eta ezin dugu beti egin dugunarekin emaitza ezberdinak espero. Merkatariek laguntza behar dute, benetako laguntza. Guk proposamen zehatzak egin ditugu agintaldi honetan. Ezer ez da egin.

Kirol beharrak aseta dituzte aretxabaletarrek?

Kirol arloan beharrak asko haziko dira hurrengo urtetan. Horregatik plan baten beharrean gaude. Guk 10 urtetan beharko genituzke azpiegiturak izendatu, kuantifikatu eta programatzea nahi dugu (hasi gara egiten). Horrela behar ekonomikoak antola ditzakegu. Frontoia, Arlutzeko kantxa, Urkulu "kirol gunea", futbol zelaia… Gauza asko daude hobetzeko eta konpontzeko. Eta berriak bultzatzea ez legoke txarto: padel, bolatokia, parkour,… Jendearekin egon eta plan zehatz bat egingo dugu.

Eta kultura beharrak Arkupe eta Loramendirekin?

Bi eredu ezberdinak dira, biak ala biak beharrezkoak. Guk uste dugu jendeari eskaini behar diogula baliabideak taldeka edo bakarka haien nahiak eta proiektuak aurrera atera ahal izateko. Hor dago gakoa nire ustez. Jendeari protagonismoa eman behar diogu: eta gai honetan, bi proiektu ezberdinak ditugu EAJk eta guk.

Herri euskalduna da Aretxabaleta?

Bai horixe. Erabileran jarri behar dugu begirada eta horretarako bi bide ikusten ditut nik: euskara erabilgarria izan behar da (gazteen erreferenteak, musika, kultura...) eta herriko erdal eta euskal komunitateen arteko lanketa egon behar da. Nik oso ondo dakit zer den euskarara etortzea eta euskaraz bizitzea. Nire esperientzia lagungarria izan daiteke.

Nola ikusten dituzu azkenaldian Martxoaren 8aren bueltan egin diren mobilizazio handiak?

1.000 pertsona inguru batu ginen Aretxabaletan… Erraldoia izan zen. Ederra da egiten ari den bidea, bada garaia gauzak aldatzeko. Arrisku bat aipatu nahiko nuke, dena dela. Bat-batean ia denak feministak dira, baina benetan ez da horrela, batzuek behartuta sentitu dira. Udalean antzerako gauza bat pasatzen da. Ez da sinesgarria horrelako bat-bateko aldaketa berdintasun partidak erdira murrizten diren bitartean.

Sare sozialetan aktibo zara (Twitter, Facebook, Instagram); ezinbesteko tresnak dira gaur egun?

Komunikazio ohiturak aldatzen ari dira; niri beti hanka bat orainean eta beste bat etorkizunean edukitzea gustatzen zait.

Kurtzebarri, Muru eta Urkulu; zein nahiago?

Kurtzebarri eta Muru niretako, Urkulu familiarekin joateko.

Herriko jairik gustukoenak?

Ia denak esango nuke; bakoitzak bere xarma du. Baina Aratusteak asko gustatzen zaizkit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak