Drogen proiektuaren bueltan hiru eguneko saioa egingo dute ekainean, UDAk deituta

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 13a, 12:18

I(nk)lusioa: esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki leloarekin jardunaldia egingo dute Donostian, UDAk eta San Juan de Diosek antolatuta, udalekin elkarlanean; 15 urteko ikasle guztiak gonbidatu dituzte, eta hainbat adituren hitzaldiak izango dira gurasoendako, hezitzaileendako eta prebentzioan lanean dihardutenendako.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako 15 urteko neska-mutiko guztiak eroango dituzte ekainaren 5ean, 6an eta 7an Donostiara. Eta hainbat kirol jarduera egingo dituzte Bentaberriko kiroldegian: areto futbola, petanka, saskibaloia eta boleibola, besteak beste. Egun bakoitzean sariak banatuko dizkiete, gainera, kirolari ezagunek. Egun osoko jardunaldiak izango dira: "Kirola egiteaz gain, hausnarketa tailerrak ere izango dituzte gazte horiek", adierazi du Agurtzane Elkorok, UDAko presidenteak.

Ekainaren 7an, ostera, hainbat adituk bideratutako hitzaldi bi izango dira. Batetik, Islandiara eraldaketa ekarri zuen proiektuaren berri emango du Patricia Ros psikologoak: "Islandiako proiektua Espainian eta Hego Amerikan abian jarri duena da, Planet Youth izenekoa, hain zuzen ere". Drogen prebentzioaren lanketa izango du berbetarako gai, komunitatearen ikuspegitik. Eta bestetik, Marta Torrens psikiatrak sustantzien kontsumoaren eta patologia dualen gainean jardungo du. Gurasoak, entrenatzaile eta hezitzaileak eta prebentzio arloetan diharduten teknikariak gonbidatu dituzte horietara. Horretarako, izena eman behar da: inklusioa.ilusioa@gmail.com.

Jardunaldi horren ondorioak liburu zurian jasoko dituzte: "Kirola eta gaixotasun dualak landuko ditugu liburu horretan, jardunaldiaren ondorioak jasoko dira. Eta irailean UDAko jokalarien artean zabalduko dugu; gero, familiei ere eskainiko diegu, seguru asko", dio Elkorok. 

Ekimen honetan bi herrietako udalen laguntza izan dute UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak, baita Debagoieneko hainbat enpresaren babesa ere; besteak beste, Copreci, Fagor eta Mondragon Assembly.

Agurtzane Elkoro (UDAko presidentea): "Hamasei gaztek laguntza eskatu izana handia da"

Ilusio handiarekin dabil lanean proiektu honen bueltan.

Pozik proiektuak orain arte eman duenarekin?

Pozik baino gehiago, bete-bete eginda. Abian jarri genuenetik hamasei gaztek laguntza eskatu izana izugarria da. Gehiago egiterik izango bagenu…

Hiru urteko proiektua da…

Bai; lehen urtean, jokalariekin landu genuen; bigarrenean, jokalariez gain, gurasoekin; eta hirugarrena izango da jokalariekin, gurasoekin eta gizartearekin, Aretxabaletako eta Eskoriatzako bizilagunekin. Seguru asko, beste bat egingo dugu, geu autonomoak izaten ikasteko, San Juan de Dios ospitalekoen laguntza barik.

Ikastetxeetara ere jo duzue.

Bai, eta ateak zabalik topatu ditugu. Aukera polita eskaini diegula eta aprobetxatzen dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak