Bost idazle plazan gaur, euren lanen berri ematen

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 10a, 16:58

Herriko Plazan elkartuko dira David Agirre, Luis Jose Errasti eta Monika Madinabeitia aretxabaletarrak, Josune Murgoitio arrasatearra eta Angel Mario Fernandez soraluzetarra; oraintsu argitaratutako liburuak erakutsiko dizkiete herritarrei eta sinatzen jardungo dute 18:00etatik 20:30era bitartean.

Apirilaren 23an izandako Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, Debagoieneko bost idazlek –horietako hiru aretxabaletarrak– euren lanen berri emango dute gaur, maiatzak 10, Herriko Plazan (18:00-20:30). Azken nobedadeak aurkeztuko dituzte, orain arte argitaratutako liburuak erakutsi, horiek sinatu eta irakurleekin kontukontari jardun.

David Agirrek bigarren liburua aurkeztuko du: Camina despacio, muy despacio. Hainbat gai landu dituela hor dio: "Harrokeria, apaltasuna, diru-gosea, politika… Liburu hau irakurtzeak ibilbide bat egitea dakar, eta, horren bidez, irakurlearen jakin-mina piztuko duen ikuspuntua aurkituko du". Agirreren bigarren liburua da; aurretik, Triángulos en la cueva argitaratu zuen, orain dela hiru urte, hain zuzen ere.

Luis Jose Errastik, ostera, orain dela urte pare bat argitaratutako Altruista liburuaren berri emango du, Jokin izeneko gazte baten gorabeheren gainekoa, hain zuzen ere, eta politika eta ustelkeria jaso ditu.

Angel Mario Fernandez soraluzetarra iaz irailean argitaratutako Che Aitona! Las palabras enterradas lanaren laugarren edizioarekin dator. Espainiako gerratik ihesi "amestutako lurraldera" ailegatuko den gazte euskaldun baten bizipenak kontatu ditu: "Eta haren iloba aitonaren jaioterrira etorriko da, gerran gertatutakoa jakin nahian". Argentinan jaiotako idazleak dio arlo pertsonaletik ere baduela liburuak.

Emakumeen gaineko istorioak

Josune Murgoitio arrasatearrak ere bigarren liburua argitaratu du: Viaje Turquía. Mujeres en Marmaria, Estambul y Diyarbakir. "Egiazko gertaerak jaso dira liburuan, bidaiako egunerokoa kontatzen da. Ohiko ibilbideetatik urrun, eta jendetza dagoen lekuetatik aldenduta herrialde horretan bizi den benetako egoera islatzen du". Idazleak berak Turkiako hainbat parajetan bakarka egindako bidaiaren nondik norakoen berri ematen du: Egeo turkiarra, Istanbul, Diyarbakir…

Huheziko irakasle Monika Madinabeitia aretxabaletarrak Petra, my Basque Grandmother liburua erakutsiko du: "Emakume migratzaileen istorioa jaso dut. Ingelesez idatzita dago, baina modu errazean". Markinan jaio eta Ameriketako Estatu Batuetara bizi izatera joan zen Petra Amoroto Egañaren gainekoa da eta Yera Sanchezek eta Maitane Pueblak ilustratu dute hori.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak