Rafa Bernal: "Modan dago 'berdea' izatearena, udal askotan ingurumenaren aldeko lanik egiten ez bada ere"

Maialen Regueiro 2019ko mai. 11a, 07:00

Aretxabaletako Elkarrekin Ahal Dugu-ko alkategaia eliza kanpoan.

Equo Berdeak taldeko militantea da Rafa Bernal (42 urte) eta azken legealdian Eskoriatzako zinegotzia izan da. Maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetan Aretxabaletako Elkarrekin Ahal Duguko alkategaia izango da geologo aretxabaletarra. 

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?

Elkarrekin Ahal Dugu-ko Batzarrak erabaki du ni Aretxabaletako zerrendaburua izatea. Lehenik, aurrerapausoa eman behar izan dut eta horretarako, hausnarketa pertsonala egitea ezinbestekoa izan da.

Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Ez da erabaki erraza izan, horrelako kargu bat hartzeak, konpromisoa, lana eta denbora librea arriskatzea esan nahi duelako.

Zer da Aretxabaletatik gehien gustatzen zaizuna?

Bertara iristean etxean sentitzen naiz, baina uste dut sentsazio hori guztiok elkarbanatzen dugula. Izan ere, gauza xumeek dute garrantzia, egunerokotasunekoak, alegia.

Aretxabaletako txoko gustukoena?

Erreka alboan dagoen pasealekua dut gustuko. Urte askoren ostean, bertara bueltatzen ari den fauna aztertzea gustatzen zait, guztiok dakigulako zer zen lehen erreka hori.

Zer gauza/proiektu... zehatz egin nahiko zenuke Aretxabaletan, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

Lehenengo egunetik Aretxabaleta jasangarri, solidario eta bidezko baten alde egingo nuke lan. Esate baterako, aldaketa klimatikoaren aurkako plan bat jarriko nuke martxan. Horrez gain, bertako merkataritza, ekonomia eta gertutasuna bultzatuko nuke. Gure baliabide naturalak babestuko nituzke eta garraioa hobetu. Baina, batez ere, herritarrak guzti honetan inplika daitezen saiatuko nintzateke.

Eskoriatzako zure agintaldian egindako zer gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

Azken lau urte hauetan Eskoriatzan izan naiz zinegotzi. Oposiziotik momentu oro ekarpenak egiten aritu gara eta egindako proposamen batzuei esker pozik nago, besteak beste, erosketa eta kontratazio publiko berdeaz, komertzio mahaiaren eraketaz, erreka berreskuratzeko lanketaz, zarataren mapaz, garapen jasangarria areagotzeaz eta Agenda 21en garapenaz.

Aretxabaleta nolakoa den, zer ezaugarri dituen... kanpoko bati azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?

Leku pribilegiatu batean bizi naizela esango nioke, bizitza babesten eta zaintzen den toki batean, alegia. Hemen, jendea lasai eta askatasunez ibili daiteke kaletik. Horrez gain, oinarrizko beharrak betetzeko ez dago arazorik. Umeek eskolara joateko aukera dute, gaztetatik lanean aritu beharrean eta gazteek, etorkizun batean pentsa dezakete. Munduko toki askotan, berriz, hau askoren ilusioa litzateke.

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak? Etxea garbitu? Bazkari/afariak? Oheak?...

Hasieratik lan kooperatiboa izan da, biek horrela erabaki dugulako. Izan ere, niri ordena gustatzen zait eta nire bikoteari, berriz, sukaldean aritzea. Askok diote nire patata tortila ezin hobea dela, baina bere postreak primerakoak dira.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen 3 gauzak?

Lehenik, emaitzarengatik harrituko nintzateke. Behin emaitzak onartuta, Udaletxeko langileekin hitz egingo nuke elkar ezagutzeko. Ondoren, gure ideiak eta proposamenak mahai gainean jarriko nituzke eta teknikari zein gainontzeko taldearekin lanean hasiko ginateke.

Aretxabaleta hobetzeko 3 neurri?

Aretxabaletako urbanismoa berriz hausnartu behar da. Nik “kotxearen diktadura” gisa ezagutzen dudan hori mugikortasun jasangarria izatea lortu beharko genuke. Edozein proiektu urbanistikoren helburua eraginkortasun energetikoa izan beharko litzateke eta herritarrentzako ahalik eta espazio gehien eraiki behar ditugu, herritarrak elkartuko diren espazioak izango direnak, alegia. Horrez gain, etxebizitzen alkilerreko politika bat behar dugu ahalik eta azkarren. Honen harira, zaila bada ere, etxebizitzen alkiler publiko zein pribatuko poltsa osatu beharko genuke jende askoren beharra baita eta arazo honen konponbidea ez delako bizitza guztia hipoteka baten menpe egotea. Azkenik, kaleetako zikinkeria aipatuko nuke, azkenaldian gure kaleak zikinak daudela ikusi dudalako eta askotan, zikinkeria horrek errekan amaitzen duelako. Horregatik, zikinkeria hori murrizteko lana egin beharko dugu ekintza zehatzak eginez, baina baita sentsibilizazio kanpainak sortuz.

Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?

Naturaz disfrutatzera eta begiratzera irteten naiz eta paisaia handiekin disfrutatu egiten dut. Baina, poteoan irtetea eta dantza egitea ere gustuko ditut. 

Zinegotzi zara Eskoriatzan. Zinegotzi 24 orduak? Deskonektatzen duzu? Nola?

Lana eta bizitza pribatua elkarbanatu behar dira. Momentu batzuetan maila eman behar da, baina guztiok besteen denbora errespetatu behar dugu. Bestalde, egunerokotasunean deskonektatzeko momentuak ere izaten ditut, batzuetan posible ez bada ere.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Zer iruditu zaizu?

Nabari da debateetara ohituta ez dagoen estatu bat dela eta horregatik, hautagaiek eta formatuak ez dute maila eman. Herritarrek egia entzuteko beharra daukate eta ez guztia itundua dagoen ikuskizun bat ikustekoa. Horrelako egoerek erakusten dute demokrazian asko daukagula egiteko.

Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Gaur egun Aretxabaletan eta beste udal askotan ez da ingurumen zein garapen jasangarri baten aldeko lanik egiten horregatik, gure lehentasunetako bat hori izango litzateke. ‘Berde’ izatearena modan badago ere, kasu askotan aurpegia garbitzeko izaten da, ‘greenwashing’, alegia. Baina ez gaitezen nahastu, ingurumenaren alde lan egitea ez da baleen kontua bakarrik, egiten ditugun ekintzek planetaren mugak errespetatzea ere bada, besteak beste. Gure beste ikuspuntuetako bat publikoa eta kooperatiboa defendatzea litzateke, adibidez, kaleetako garbitzea bezalako oinarrizko zerbitzua udalekotzea eta energia berriztagarriak edota telekomunikazio zerbitzua eskaintzen duen kooperatiba baten bitartez energia elektrikoa kontratatzea. Horrez gain, bertako ekonomiaren alde lan egin nahi dugu eta horretarako, gertuko komertzioei eta bertako produktuen ekoizleei lagunduko diegu turismoaren eta guztion ongizatearen alde egiten duten proiektuen alde eginez.

Feministatzat duzu zure burua?

Urteak igaro ahala biztanleria erdiak jasaten duen injustiziaz ohartu naiz. Umea zarenean erakusten dizuten mundua ikusten duzu, gero urteak igarotzen diren heinean errealitatea ikusten duzu.

Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Zarautzen nengoen lanean. Momentua iritsi zenean lana utzi eta lankide bati elkarretaratzera lagundu nion. Bertan abestu egin nuen nahiz eta batzuentzat mingarria izan.

Nola ikusten dituzu azkenaldian martxoaren 8aren bueltan egin diren mobilizazio handiak?

Pozgarria. Uste dut gaur egun, horrelako mugimendu sozialak positiboki aldatu dezakeela bizi dugun egoera.

Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturrekoen gorakada... Zer iruditzen zaizu?

Egoera hauek historikoki eta testuinguruan irudikatu behar dira. Europan eta munduko beste hainbat tokietan aurretik ere horrelako ideologiak izan dira. Egoera honen arrazoia honakoa dela esango nuke: indarrean dagoen sistemak mundu hobe bat eskatzen duten mugimenduei erantzuna ematen die, sistemak ez duelakoa berarentzat aproposak ez diren aldaketak onartzen.

Nola baloratzen dituzu apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzak?

Bipartidismoa atzean gelditu dela argi dago, baina egia da era berean, lehian dauden bi bloke daudela eta badirudi botoak espazio hermetikoetan mugitzen direla. Beraz, orain alderdiek elkar ulertu beharko dute. Aitortu behar dut ultraeskuinaren sarrerak arduratzen nauela. Indarrarekin sartu da eta Andaluzian gobernatzea lortu du. Honen arazoa da alderdi honen ideiek gainontzeko taldeen artean distantzia areagotu dezakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak