Dagoeneko 200 bat erabiltzaile dira izena emandakoak eta bertatik bideratutako jarduerak gero eta gehiago. Durana kalean zuten bulegoa Ibarra kiroldegira aldatu dute eta han egoten da Maialen Alkorta koordinatzailea astelehen goizetan (09:00- 13:00) eta eguazten arratsaldeetan (14:30-18:30). Txanda hartzeko bideak hemen: 662 62 38 30 eta atxabaltamugi@gmail.com.
Elikadura osasungarria
Orain arte egindako jarduerei eutsita, elikadurari helduko diote orain. Hainbat hitzaldi gidatuko ditu Andere Etxabe dietista aretxabaletarrak datozen asteetan. Atxabalta Mugiko erabiltzaileendako bi egingo ditu: maiatzaren 14an euskaraz eta 28an gazteleraz. Ibarra kiroldegian izango dira (18:00-20:00). Bereziki, gainpisua, obesitatea eta hainbat patologia dituztenei bideratutakoak izango dira –hipertentsioa, hiperkolesterolemia, gaitz-tiroideak, hezurretako gaitzak–. "Real Food mugimendua eta elikadura piramidea azalduko ditu, kozinatzeko teknika batzuen berri eman, bachcooking, eta hainbat errezeta proposatu. Elikagaien etiketak interpretatzen ere erakutsiko du", aurreratu du Maialen Alkortak.
Ekainaren 11n, ostera, kirolaren eta elikadura osasungarriaren gaineko hitzaldi irekia egingo du Etxabek, kiroldegiko erabiltzaile guztiei zabalik. "Aurretik aipatutako gaiak izango dira nagusi oraingoan ere, eta mitoak ere argituko ditu. Era berean, kirola egin ondoren gorputza errekuperatzeko elikagaien gainean jardungo du". Eta urrian, umeen elikaduraren gaineko hitzaldia eskainiko die gurasoei.
Abian dauden jarduerak
Orain arte abian dauden ikastaroak hainbat dira: KOI, koordinazioa, oreka eta indarra –astelehen eta eguaztenetan–; eta yoga –martitzen eta eguenetan–. Horietan parte hartzeko ez dago kiroldegiko bazkide izan beharrik, nahikoa da Atxabalta Mugiko erabiltzailea izatea.
Horrez gain, Basotxo erretiratuen elkartearekin batera ibilaldi osasungarriak antolatzen dituzte "arrakasta handiarekin".

Maialen Alkorta (Koordinatzailea): "Abian jarri zenetik 200 bat lagun ibili dira"
Atxabalta Mugiren arduraduna da Athloneko langilea.
Pozik hiru urtetan egindako ibilbidearekin?
Bai. 200 bat lagun gerturatu dira proiektua abian jarri zenetik; erantzun ona. Osasun etxearekin eta Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean gabiltza, eta patologiaren bat edo beste duen herritar asko bideratzen dituzte guregana; gainpisua dutenak edo sedentarioak, esaterako. Antolatutako jardueretan (KOI eta yoga), gainera, talde politak osatu dira.
Erretiratuak dira nagusi?
70 urtetik gorakoak asko dira, baina 46-65 urte bitarteko kopurua ere esanguratsua da, eta hori garrantzitsua da.
Gazteak gutxi?
Bai, baina badaude batzuk. Gurasoendako antolatutako elikaduraren gaineko hitzaldiarekin umeengan ere eragin gura dugu.