Bigarren agintaldirako aurkeztuko zara; gustura egon zaren seinale...
Bai, bai. Hasieran nobedadea dator, guztia berria da eta polita. Lehenengo hiru urteak oso onak izan ziren, azken hau, ostera, gogorragoa, hainbat kontu tokatu direlako parean: kontratazio legearen aldaketa, hirigintza arloan hainbat baja…
Etxekoek ez dizute trabarik jarri?
Ilusio handiarekin ez du hartu emazteak, baina alabak bai, hura pozik.
EAJ alderdian independente lez aurkeztu zara. Zer esan gura du independente izateak?
Alderdian ez nagoela afiliatuta, horixe bakarrik.
Zer da herrian gehien gustatzen zaizuna?
Bizitzeko tamaina aproposa du. Oinarrizko zerbitzuak aseta ditugu, eta oraindik, guztiok ezagutzen dugu elkar. Herri txikien hurbiltasuna, eta era berean, handiagoen zerbitzuak ditugu. Ez dugu galdu herri nortasuna.
Zure agintaldian egindako zerk eman dizu poztasuna?
Agintaldi lasaia izan da; aurrekoa nahiko iskanbilatsua edo gorabeheratsua izan zen eta oraingoan lau urte lasaiak izan dira. Samurragoa da hala lan egitea eta jendea gerturatzea ere bai. Egoera ekonomikoak hobera egin du lau urteotan, gainera, eta bigarrenez errepikatuz gero agintaldi polita izango da.
Eta zein proiektu aurrera eraman nahiko zenuke berriro ere alkate bazina?
Gure programan hainbat daude jasota. Hirigintzari dagokionez, esaterako, Santa Kurtz kaleko saneamendu eta ur-horniketa lanei heltzeko garaia da; izan ere, irisgarritasun lan asko egin dira herrian agintaldi honetan eta Santa Kurtz da lan horien beharrean dagoen gune bat. Hala, bi arazo konponduko genituzke bat-batean, eta dirutza izan arren heltzeko garaia da. Saneamendu eta ur-horniketa lanen proiektua berrikusi egin behar da hamar urte dituelako, prezioak jarri eta plangintza bat egin. Lausitta da horren beharra duen beste kale bat, baina lan samurragoa da hangoa.
Bestetik, Iturrigorri pilotalekua handitzeko asmoa ere badugu. Gero eta erabilera handiagoa du, eskola ere bertan dago, eta Herriko Plazatik gertu egotera eguraldi txarra egiten duenerako aukera izango polita da.
Eta hirugarrenik, komentuaren, zaharren egoitza zaharraren eta osasun etxearen eraikinak daude. Lau urteotan lantzen joan gara proiektu hori eta guk garbi dugu zelakoa izan behar duen: komentuaren beheko solairura Basotxo (taberna eta elkartea) eramango genuke; eta gero, eguneko zentroa. Lehenengo solairuan hirugarren adinekoendako etxebizitzak egongo lirateke, eta azpian zer egin oraindik ez dugu erabaki, Kurtzebarri eskolak eskatu digulako horren beharra izango duela beste urte pare batez. Osasun etxea zaharren egoitza zaharrera eramango genuke, Osasun Sailak ere aproposa ikusten du eta; beheko eta lehenengo solairuak izango lirateke horrendako, eta bigarrena, Gizarte Zerbitzuendako. Eta osasun etxearen gunea Udal zerbitzuendako izango lirateke; irisgarritasun arauak beteko lituzke eta edozein herritarrendako askoz ere eraikin erosoagoa da.
Alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Herritarrekin tratua onena, nik oso gustuko dut eta ez dit buruko minik ematen. Uste baino jende gehiago gerturatzen zait arazoak, kexak eta iradokizunak esatera, eta guztia ez da txarra izaten. Okerrena? Deskonektatzeko oso zaila dela; eguneko 24 ordutan, urteko 365 egunetan zara alkate. Eta etxekoei eskaini beharreko denbora doa hor.
Herritarren eskaerei beti egin behar zaie kasu?
Entzun bai. Gero filtroa pasatu behar da, batzuk ezinezkoak izango dira eta… Herritar gehienen eskaerak ez dira kontu potoloak izaten, gauza txikiak baizik.
Astialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Ahaztu egin zait! Lehen gustuko nuen kozinatzea baina orain ez daukat astirik, noizbehinka jarduten dut.
Herritarrek kalean, plazan, futbol zelaian… topatuko zaituzte; alkate izateak kalean egotera behartu zaitu?
Ez, ez. Nekez jausiko zait niri etxea gainera! Esandako moduan jendearekin egotea gustuko dut.
Eta alkate zarenetik zure irudia zaintzera behartuta sentitu zara?
Ez. Esan izan didate, bai horixe, baina ez naiz horretan hasi.
Sare sozialetan aktibo zara (Twitter, Facebook, Instagram); ezinbesteko tresnak dira gaur egun?
Idazten baino gehiago ikusten egoten naiz sare sozialetan. Ezagutu beharrekoak direla uste dut, bai. Era berean, gaur egun dutena baino garrantzi handiagoa ematen diegu, baina seguru asko, etorkizunean pisu handia izango dute, onerako eta txarrerako. Denbora gutxian izugarrizko informazio jarioa jaso daiteke eta hori prozesatzea gaitza da.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak zer iruditu zaizkizu?
Ez naute harritu; argi nuen sozialistek irabaziko zutela, Unidas Podemos jausi egingo zela, eta, zalantza zen gainerakoak zelan banatuko ziren. Hain kritikatua izan zen CISen ikerketa ez da hain oker ibili azkenean, ez zen inoren gustuko, baina nahiko ondo asmatu du. Parte hartzea asko igo da eta 2001etik ez da halakorik egon, eta gure emaitzak onak izan dira. Orain ikusiko da gobernuaren eraketak zer dakarren, baina maiatzaren 26ko hauteskunde aurretik ez da ezer egingo.
Feministatzat duzu zure burua? Zer egin zenuen martxoaren 8an?
Feminismoak berdintasuna esan gura badu bai. Lan egin nuen martxoaren 8an, betiko moduan.
Kiroldegia bete-beteta, Ibarra futbol zelaia leku barik… Herri kirolaria da Aretxabaleta?
Hala dirudi. Kiroldegian gune batzuk lepo daude eta gimnasioa handitu gura da. Futbol zelaira ere jende mordoa doa, bai jokatzera, bai ikustera. Eta horregatik egin da futbol zelai berriaren eta pilotalekua handitzearen alde, hori bultzatzea ez dut uste txarra denik.
Zuk zeuk egiten duzu kirolik?
Ez dut astirik. Ez naiz sekula oso kirolaria izan.
Kulturari dagokionez zein behar ditu Aretxabaletak?
Saiatu gara kultura ekintza kopurua hazten, baita kalera ateratzen ere ekintzok, baina sentsazio gazi-gozoa dugu. Gure helburua zen herri giroa bultzatzea, bereziki aste bukaeratan, baina badirudi korrontearen aurka gabiltzala askotan. Hala ere, horretan jarraituko dugu, asmatzea zaila izan arren.
Bizitza duen herria da Aretxabaleta?
Bai, nik uste baietz. Garai batetik hona aldatu egin da bizitza hori. Lehen eguerdi partean beteta egoten ziren kaleak bazkaltzera zetozenekin; orain, askoz enpresa gutxiago daude eta lo egiteko herri bihurtu da. Aretxabaletan bizi bai baina gehienek kanpoan egiten dute lan, hortaz, horrek ohitura aldaketa dakar.
Gero eta taberna gehiago eta merkataritza gutxiago…
Bai, zaila da ulertzea; hori bai, sekulako aukera dugu orain kanpoan afaltzeko, adibidez. Komertzioek, gerra zaila dute Interneten aurka. Baina horiek falta izanez gero, horrek bai hilko duela herria. Perkoa jarriko dugu oraintxe abian hori sustatze aldera.
Eta herri euskalduna da?
Gero eta ezkorragoa naiz ni. Ezagutza aldetik bai, zalantza barik, baina erabileran ez. Gaur egun guztiak dira euskaldunak ezagutzari dagokionez baina sekula baino okerrago egiten da. Eta erabilera negargarria da, behintzat gazteen artean. Guk geuk egunerokoan ez badugu erabiltzen kanpotik datozenek ez dute horren beharrik igarriko, hortaz,…
UDA, Ibarra kiroldegia eta Loramendi elkartea; bazkide zara inon?
UDAko bazkide naiz.
Kurtzebarri, Muru eta Urkulu; zein nahiago?
Muruk ez dit sekula graziarik egin. Urkulu polita da. Kurtzebarrin bertako egunean egon nintzen.
Herriko jairik gustukoenak?
Aratusteak. Bakoitzak berea du noski, sanmigelak jendetsuak dira eta Andramaixak, lasaiak, herri giroan egoten gara. Andramaixak dataz aldatzeko eskaerak egon izan dira baina dauden lekuan oso ondo daude.