Bihar arratsaldean, dantzan eta kantuan jarraituko dute herritarrek, Korrikaren etorrera girotzeko. Dantza plaza ekitaldira dei egin diete herritarrei (18:15) Korrika batzordeko kideek, eta gero, bertso afaria egingo dute Uratz Alde elkartean, Unai Iturriagak eta Oihana Iguaranek girotuta mahaiaren buelta (21:00).
Herriko musika taldeak Pagaldaixenean
Jai giroak zapatuan, jarraituko du. Santa Kurtz kaleko horma batean murala margotuaz ekingo diote egunari (11:00), eta gaztetxoen txokoa zabalduko dute gero (12:00), eskulanak eta marrazkiak egin ditzaten, eta aurpegiak margotu. Herriko hainbat artisauk ere bat egin dute egunarekin, eta postuak jarriko dituzte Durana kalean. Bien bitartean, Pagaldaixenean, paella dastatuko dute gerturatzen direnek eta taberna ere izango da. Iluntzean (19:00), kontzertuen txanda etorriko da, eta herriko hiru talde elkartuko dira Pagaldaixenean: Wood Strings, Jasan eta Txerrikumeak.
Emakumeek, bi kilometro
Lekukoa 04:27an sartuko da Aretxabaletan. Mugarriko biribilgunetik Ederlan lantegi aurreko bidegurutzeraino dauden bi kilometroetan, hamalau elkarte eta enpresatako ordezkariek eroango dute eskuz esku. Hona hemen taldeak –errenkadan–: EH Bildu, EAJ, Aretxarte, Udala, Emakumeak –bi tarte–, Loramendi, Kurtzebarri Eskola, Arizmendi Ikastola, Pausoka Haur Eskola, UDA, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arteman, Copreci eta Assembly.
Herriko feministek, Aretxabaletako emakumeen izenean, bi kilometro erosi dituzte, eta kuartelean jaso eta Amaia Berri Iturgintzaraino eroango dute. "Oraindik ere dirua jasotzen gabiltza, eta gainerako hori borondatezko ekarpen moduan bideratuko diogu Korrikari", adierazi dute. Lekukoa eroango dute, besteak beste, iaz sortu zen Pikarraituz taldeko hainbat ordezkarik.
Udalaren izenean Unai Elkoro alkateak jasoko du eta Loramendi elkartearen izenean, ostera, Auzoko egitasmoko kideek.
Behin lekukoak alde egindakoan salda eskainiko dute Eguzki Alde elkarteko arkupean.