"Mankomunitate mailan egin zen azterketa bat, eta Aretxabaletan, etxebizitza komunitarioak eta eguneko zentroa egitea lehenesten zen han", adierazi du Ion Albizuk. Eta era berean, gaineratu du Osakidetzak osasun etxea berritzeko eta handitzeko asmoa adierazi duela. "Gehitu nahiko genuke Aretxabaletako Udalean adostasun zabala dagoela zerbitzu hauek beharrezkoa direla ondorioztatzean. Desadostasunak egon daitezke, agian, kokapenean".
Osasun etxea Basotxo dagoen egoitzara
Hala, EH Bilduk proposatu du osasun etxea gaur egungo Basotxo erretiratuen elkarteko beheko solairuan jartzea "aurrealdera handituta 800 metro koadro izan arte"; solairu horrek 500 metro koadro ditu orain. "Zabalera hori nahikoa izango litzateke solairu bakarrean zerbitzu guztiak eskaini ahal izateko". Sotoan, ostera, biltegia, aldagelak eta gainerako eremuak kokatuko lituzkete.
Etxebizitza komunitarioak Basotxoren eraikin horretako lehenengo eta bigarren solairuan kokatzea proposatu dute: "Pertsona nagusiak eta bazterkeria arriskuan daudenendako apartamentuak izango lirateke".
Eguneko zentroa, ostera, gaur egun osasun etxea dagoen eraikinera eramatea proposatu du EH Bilduk: "Behar diren atentzio zerbitzuak egongo lirateke han, jantokia barne".
Basotxo erretiratuen elkarteak beste kokaleku bat beharko luke ondorioz, eta harendako komentua dutela buruan adierazi du Albizuk, baina ez du eman zehaztasun gehiago "proiektu handiago baten barruan" sartzen delako. "Proiektu estrategikoak direla uste dugu eta adostasun zabalarekin gauzatu beharrekoak", gaineratu du.