Ikasleei hauspoa emateko proiektuarekin lanean

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 30a, 11:23

Kurtzebarri institutuko ikasle bat GSR egoitzako bi egoiliarrekin eskulanak egiten.

Kurtzebarri institutuan Hauspoa proiektuarekin dabiltza lanean azken lau urteotan; jarduerak eta denborak berrantolatzea du helburu horrek, eskola-arrakasta lortze aldera, eta, besteak beste, indartze-guneak eta tailerrak eskaintzen dizkiete ikasleei.

Hezkuntza Sailak sustatutako Hauspoa proiektuaren bueltan dihardute lanean Kurtzebarri institutuan azken lau urteotan; arrakasta handiarekin, gainera. Hasieran, EAEko 28 ikastetxek egin zuten bat horrekin, eta gaur egun, 53 dira. "Jarduerak eta denborak berrantolatzeko Hezkuntza Sailak ematen duen aukera da proiektu hau; betiere, eskola-arrakasta hobetze aldera", dio institutuko zuzendari Juan Carlos Pascual Pascu-k, eta gaineratu du: "Ikastetxeari identitate propioa ematen diona, hain zuzen ere".

Hiru esparru, sei tailer

Hiru helburu ditu horrek: "Eskola denbora eredu berriak martxan jarri eta ebaluatzea; ikastetxearen kalitatea hobetzea; eta emaitzen hobekuntza sustatzea". Eta horien barruan beste hainbat daudela dio Pascu-k; besteak beste, konpetentziak bermatzea, elkarbizitza sustatzea eta euskararen erabilera bultzatzea eskola ordutegitik kanpo.

Behin eskola orduak bukatutakoan dator Hauspoaren txanda eta hiru esparru ezberdin daude hor. Batetik, indartze-gunea: "Bideratutako ikasleak dira; hau da, ikasgairen batean edo bestean premiaren bat duten ikasleak Hauspoa arloko indartzera bideratzen dira". Ikasgai horiek astean hiru egunetan jasotzen dituzte.

Bestetik, ekite-gunea dago: "Etxerako lanak egin, talde-lanak aurrera eraman eta ordenagailua erabiltzeko aukera ematen duen gunea da, etxean halakorik ez dutenak egon daitezkeelako".

Eta hirugarren gunea tailerrak dira. Bigarren hiruhilekoan hamaika jarduera eskaini dituzte, eta horietatik honako hauek dira abian jarritakoak: GSR zaharren egoitzan lagun egitea; Haur Hezkuntzako patioaren kudeaketa; boleibola; mekanografia; eskulanak; eta emakumezkoei bideratutako autodefentsa tailerra. "Azken hori zortzi orduko ikastaroa izan zen, baina oso arrakastatsua".

Gainerako tailerrek ere arrakasta handia dutela dio: "GSR zaharren egoitzan ikasle bakoitzari hiruzpalau egoiliarren ardura eman diote eta horiei laguntza eman eta jarraipena egiten diete jarduera ludikoetan", dio, eta gaineratu du: "Beste batzuk Haur Hezkuntzakoekin egoten dira atsedenaldietan eta jolasak antolatzen dituzte horiekin".

Kurtzebarri institutuko ordezkariak "pozik" daude tailerrek izandako arrakastarekin; izan ere, ez dira derrigorrezkoak. "Ikastetxea herrira zabaldu nahi dugu Hauspoa bide dugula", dio Pascu-k.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak