Garraiobide guztiak kontuan hartuta eta "horien arteko bizikidetza ardatz" izanik mugikortasun "sare segurua" sortu gura du EH Bilduk. Lanerako lehentasunak ezarri dituzte, gainera, mugitzeko erak kontuan hartuta: oinezkoak; bizikletak eta patineteak; garraio publikoa; eta automobilak.
Bizikletendako hainbat bide
Oinezkoendako "irisgarritasuna eta erosotasuna" bermatu gura dute, batetik, eta, bestetik, errepidean, "lehentasuna eman" garraio publikoari, baita autoen abiadura murriztu ere, "ahalik eta baxuena izatera". Bizikletei dagokienez, sare propioa sortzea da asmoa: "Herri barruko zein herrien arteko mugimenduak guztiz aldatuko direla epe motzean jakinda, bide sare propioa sortzea proposatu dugu, eta hurrengo lau urteetarako inbertsioak eta ekintzak zehaztu ditugu", adierazi du EH Bilduren zerrendaburu Ion Albizuk, eta honako ibilbide hauek aipatu ditu: "Araba ibilbidean bide bat egitea eta hori luzatzea Markole auzoraino eta Copreci lantegiraino, batetik; eta Txarapea ibilbidea Loramendi kalearekin alde batetik eta Herriko Plazarekin bestetik lotuko lukeen bide bat sortzea, bestetik". Sare horrek 1,2 kilometro izango lituzkeela gaineratu du: "2 metro zabalerako bidea izango litzateke eta uste dugu errepidearen eta espaloiaren artean nahikoa leku dagoela hori egiteko".
Bizikletendako hiru aparkaleku "seguru" –sarbide elektronikoarekin– egin gurako lituzkete, Udalak dituen hainbat lokal erabilita: Murubiden, Durana kalean eta Markole auzoan.
Horrez gain, ibilgailu elektrikoak erosteko dirulaguntzak sustatu gura dituzte: "Kostuaren %25 ordaintzeko, gehienez, 250 euro". Eta mugikortasun ordenantza bat ere garatu gura dute.
Energia berriztagarriak
Horrekin batera, energia berriztagarriak bultzatzeko planaren nondik norakoen berri ere eman dute: "Trantsizio energetikoaren bidea serio hartu behar da eta udalek zerbait egin behar dute". EH Bilduren proposamena honako hau da: kiroldegian, Kurtzebarri eskolan eta komentuan eguzki plakak jartzea, 200.000 euroko inbertsioa eginda horretarako. "Eskolan eta kiroldegian orain daudenak baino gehiago jarriko lirateke. Guztien artean, urtero, 50 etxebizitzaren kontsumoa sortuko lukete". Industria eraikinetan eta komunitateen zein norbanakoen teilatuetan jartzea eguzki plakak ere butzaltu gura dute.