"Ez daukagu ahazteko guretzat zarena, Aitor"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 16a, 16:36

Euskal Herrian asko dira Aitor Sarasuaren inguruko bizipenak dituzten lagunak. Makina bat esparrutan ibili zen aretxabaletarra eta gehienek izan dute ordezkaritza gaurko lehenengo ekitaldian. Aretxabaletako mojen komentuko aretoan egin dute, eta bete egin da Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako lagunekin.

Senitartekoendako eta lagunendako antolatutako ekitaldia izan da. "Xumea bezain hurbilekoa", adierazi dute askok, eta natural kontatu dituzte Aitorrekiko bizipenak.

Iñaki Muruak eman dio hasiera ekitaldiari. Bertso bat bota du eta erreferentzia egin dio bizinahiaren indarrari. "Zu Sarasua, zu zara sua", kantatu du.

Xabier Euzkitzek hartu du lekukoa, eta mugaren bueltan Aitor Sarasuarekin bizi izandako hiru bat pasadizo kontatu ditu. Esan du mugan izandako arazoak kontuan hartuta ez zela harritu Sarasuak Itsasura hartutako bidearekin. Hitz jokoa eginez amaitu du esanez maitasun, goxotasun eta gizatasun mugarik gabekoa zela Aitor.

Ondoren, Aitorrek bertsogintzan egindako lehenengo urratsak gertutik ezagututako Patxik eta Juanitok hartu dute hitza. Esan dute oso txikitatik izan zuela bertsotarako dohain ikaragarria. Bideo baten bitartez berretsi egin dute hori bertso eskolan lagun izandakoek, besteak beste Saioa Arandok eta Ainhoa Agirreazaldegik. "Ez daukagu ahazteko guretzat zarena", utzi dute grabatuta.

Euskal udalekuekin ere harreman oso estua izan zuen Aitor Sarasuak, eta horren adierazgarri Aitor Zubizarreta izan da ekitaldian. Argazkiak eta kameraz grabatutako irudiak erakutsi ditu. "Hirugarren txandaren ardura izan zuen urteetan, eta kultura elkarteko lehen idazkaria izan zen", esan ditu besteak beste.

Aretxabaletako pilota inguruko bizipenak ere izan dira ekitaldian. Horrekin batera, eskolako lagunenak, bizilagunak izan diren Loramendi auzoko 5. atariko Txintxurreta sendiarenak, irakaskuntza munduko lankideena, Iparraldeko bertso eskolako lagunenak zein ingeniaritza ikasketetako ikaskideenak.

Kuadrillako lagunek opariak egin dizkiete senitartekoei eta Aretxagazetako zein Arrasate telebistako pasarteak ere izan dira ekitaldian; izan ere, makina bat proiektutan hartu zuen parte Aitor Sarasuak. Haren prestutasuna eta eskuzabaltasuna izan dituzte guztiek ahotan.

Ekitaldiari amaiera emateko Sarasua familia osoa igo da agertokira. Arratsalderako, berriz, Hegotik Iparrerantz ikuskizuna dago iragarrita Ibarra kiroldegian, 18:00etan.

Zuzen-zuzenean emango du GOIENAk hemen.

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak