Mixel Ducau, Caroline Phillips Anje Duhalde, Mixel Beheran eta Xebastian Sedez musikariek, Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Ildoka antzerki taldeak egingo dute lagun eta lankide izan zuten Aitor Sarasua bertsolariaren omenezko ikuskizuna, gaur, zapatua. "Sortzaileen jarrera bikaina azpimarratu behar da, maila altukoak dira, eta Euskal Herriko txoko askotatik datoz, musu-truk, omenaldira. Modu batera edo bestera guztiek harremana izan zuten Aitorrekin", diote antolatzaileek.
Herritarren proposamena
Askotariko herritarrek osatutako batzorde batek izan du jaialdia antolatzeko ardura, Udalaren eta herriko elkarteen laguntza izan badute ere. "Aitorren omenez zerbait egin gura zuten hainbat herritar etorri ziren Lekaixoka bertso eskolara eta baita Loramendi elkartera ere. Ondoren, familiakoekin elkartu ziren asmoa azaltzeko, eta, hortik aurrera, herritar batzorde bat eratu zuten jaialdia antolatzeko", azaldu du Loramendiko eta Lekaixokako kide Martin Berrizbeitiak.
Askotariko diziplinak batuta
Aitor Sarasuak jorratu zituen diziplina eta arlo ezberdinak errepasatuko dituzte Hegotik Iparrerantz ikuskizunean: "Haren sorkuntza oinarri hartuta, ibilaldia egingo dugu. Errezitaldiak, musika, antzerkia, dantza eta bertsoak egongo dira. Sortzaile bakoitzak bere tartea izango du, eta euren arteko lotura egiteko Sarasuaren testu batzuk errezitatuko dituzte. Bi ordu inguru iraungo du saioak, eta, haren gertuko edo lagunentzako ez ezik, hark utzi zuen ondarea ezagutu gura dutenentzako ere aproposa izango da".
Sendabideri laguntzeko
Iaz sortu zuten VHL sindromea ezagutzera emateko eta ikertzeko lan egiten duen elkartea da Sendabide, eta harentzako izango da gaur sarrerekin bildutako dirua. "Ekitaldiko protagonista nagusia ez da izango, baina presente izango dugu VHL sindromea eta elkartea bera", azaldu du Berrizbeitiak, eta zera gaineratu du Aitorren anaia eta Sendabide elkarteko presidente Josu Sarasuak: "Terapia genikoa izena duen ikerketa ildo berri bat finantzatu nahi dugu Nafarroako CIMA erakundearekin". Sarrerak bost eurotan daude salgai, Arkupen eta leihatilan 17:00etatik aurrera. "Telefonoz erreserba ere egin daiteke Arkupera deituta, baina, horrela eginez gero, kiroldegiko leihatilan jaso behar dira, 16:30etik 17:00era bitartean". Kiroldegiko ikuskizunaz gainera, Sarasuaren gertukoek ekitaldi xume bat egingo diote, 12:00etan, mojen komentuan.
Josu Sarasua (Sendabide elkartea): "Hunkigarria izango da"
Helburua Hegoaldea eta Iparraldea gerturatuko dituen jaialdia egitea da, Aitor inspirazio moduan hartuz, eta, bide batez, VHL gaitza ezagutarazteko balioko du. Maitasun itzela dago ekitaldiaren atzean, eta planteamendua ederra da: kantagintza, antzerkia, bertsogintza eta dantza elkartzea; Hegoaldeko eta Iparraldeko izaerak eta kantaerak Aretxabaletan elkartzea; euskaraz... Aitorrek maite zituen doinu eta giroan murgilduta egingo dugu eguna.
Goxoa eta hunkigarria izango da; seguru, askok imajinatuko dugula Aitor entzuleen artean irribarrez une bakoitza gozatzen.