"Pozik" egindakoarekin baina txanda eske Basotxoko zuzendaritza

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 15a, 09:07
Aingeru Guardakoaren eguna ospatzen Basotxoko kideak; 155 bazkide elkartu ziren Gure Ametsa jatetxean.

Batzar orokorra egingo du erretiratuen elkarteak gaur, egubakoitza, egoitzan bertan (17:00). Orain arteko kontuen berri emango dute, eta aurtengo kudeaketa plana jakinarazi; horren harira, zuzendaritza batzordea berritu gurako lukete.

Basotxo erretiratuen elkarteko 954 bazkideek –391 gizon eta 563 emakume– batzar orokorrerako gonbidapena dute gaurko, martxoak 15 –lehen deialdia 16:30ean eta bigarrena 17:00etan–. Iazko memoria eta kontuak onartuko dituzte lehenengo, eta ondoren, 2019ko kudeaketa plana aurkeztu. Zuzendaritza uzteko unea iritsi zaie hainbat kideri, bi urte bete ostean, baina adierazi dute boluntariorik ez dela aurkeztu horretarako. Hala, beste urtebetez jarraitzeko gertu agertu dira guztiak, txanda hartuko dietenak agertu bitartean.

Ikastaro eta ekitaldi asko

Zuzendaritzako kide Isabel Olivenza pozik dago azken bi urteotako jardunarekin: "Ekintza mordoa egin ditugu, era askotakoak, eta gehienek erantzun ona izan dute". Horien artean daude KZgunearekin elkarlanean antolatzen dituzten ikastaroak –telefonoari buruzkoak, esaterako–, argindarraren fakturaren gainean argibideak emateko zerbitzua –Oier Etxebarriak gidatuta– eta Atxabalta Mugiren eskutik jasotzen dituzten yoga eta gimnasia jarduerak. "Gimnasian oraindik badugu lekua, baina yoga taldea beteta dago. Gainera, ez dago kiroldegiko bazkide izan beharrik", dio.

Basotxoko kantu taldeak eta dantza taldeak ere gogotsu jarraitzen dute lanean, baita irteerak egiten hara eta hona. "Tute eta mus txapelketak egiten ditugu. Ea aurten emakumeak ere animatzen diren horretara, arratsalde guztietan egoten diraeta elkartean karta-jokoan". 

Iaz domeka arratsaldeetan egindako dantzaldiek izandako arrakasta jakinik, aurten ere izango direla aurreratu du Olivenzak: "Udalarekin adostu dugu eta ekainetik irailera bitartean hainbat dantzaldi izango ditugu". Datozen hilabeteetan bi irteera garrantzitsu egingo direla jakinarazi du: Huelvara joango dira Pazko Astean eta Errumaniara ekainean.

Proiektu berria ere badute datorren ikasturtera begirakoen artean: euskaraz ikastea. "Euskaltegiak proposatu digu. Hainbat berba eta esamolde ikasteko aukera izango dugu, ilobekin berba egiteko, adibidez. Urrian hasiko gara, baina uztailean eman beharko da izena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak