Jon Sarasua: "Gutxiagorekin bizitzen ikasi behar dugu"

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 13a, 08:05
Jose Migel Uribarren zinegotzia eta Jon Sarasua Arkupen.

Pentsamenduak eta ideologiak: betaurreko bifokalekin etorkizunera begira hitzaldia eskaini zuen atzo, Jon Sarasuak. Inor ez dela profeta bere herrian esan zuen Arkupeko aretoan elkartutako hogeiren bat lagun ikustean, baina horiek, ezin gusturago jarraitu zituzten haren hausnarketak.

Pentsamendu kritikoa tranpa bat dela esanaz hasi zuen hitzaldia, horregatik "pentsamendu kritikoarekin kritikoak izan eta ideologia guztiei zabalik egon behar gara" zioen. Eta egun hainbeste erabiltzen diren berba batzuen –eraldaketa eta gizarte berrikuntza– atzean dagoena agerian utzi gura izan zuen: kapitalismoa. "Kapitalismoak etengabe berritu beharra eskatzen du, eta hori saldu digute arlo guztietan: industrian, hezkuntzan…". Horren ordez humanizazioaren aldeko hautua egin zuen.

Birpentsatzen ikasi beharra

Mitoen gainean ere egin zuen berba: "Gaur egun egin dugun errelatoa da gizakiak bere arrazoinamenduz mundu perfektuago sortuko duela. Eta hortik etorri dira sozialismoa, komunismoa... eta gainerako ismo guztiak". Errelato hori sostengatzeko bi tresna erabili dituela gizakiak aipatu zituen: zientzia (teknologia) eta ideologia (pentsamendua). "Eta errelato horrek bi balio produzitu ditu: askatasuna eta berdintasuna". Horren eraginez sortutako ideologiak ere aipatu zituen –faxismoa, sozialismo erreala…– eta ideologia guztietatik dagoela zer ikasia gaineratu. 

Berdintasuna eta askatasuna balioekin, baina, zientziaren abiadurak ekarriko dituen dilema etiko handiak ezingo direla erantzun zioen Zaraia aretoko oholtzatik. "Horregatik birpentsatu egin behar gara, orain artekoak bakarrik partzialki balio duelako". Irekitasun berria behar dela gaineratu zuen eta gazteei erakutsi behar zaiela pentsatzen ideologiei oso lotuak egon barik. 

Ametsak berritzen asmatu behar dela esanaz jarraitu zuen: "Amets doituagoak. Norabidea zehaztu behar da, eta hor kokatu bete daitezkeen ametsak". Euskaldunen kontradikzioak ere agerian utzi zituen: "Munduko klase ertain pribilegiatuenetakoa gara eta oso eroso gaude". Norabidea zein izan behar den? "Gutxiagorekin bizitzen ikastea. Baina hori ez dakigu egiten".

Gizarte solido batetik gizarte likido baterako bidea datorrela ere adierazi zuen: "Familia, bikotekidea, lana, fedea orain arte izan dira betiko, gauza solidoak, eta orain diluitzen dabil hori. Gizarte hiperkapitalistak sortu du hori, hiperindibidualismoa eta etengabe aukeratzeko hautua".

Eskualdea euskalgintzaren erreferente izateko gai

Debagoiena ere izan zuen berbetarako gai. "Gure bailara dugu munduan auto-eratuenetakoa. Industria gehiena dago langileen asanbladen menpe, baita banka zati bat ere, hezkuntza zati bat, komunikabide bat…" Izugarrizko potentziala izanik aprobetxatzen jakin ez dela aipatu zuen, kapitalismoa hartu delako oinarri: "Bakoitza bereari tiraka gabiltza".

Euskalgintzan erreferente izan daitekeela bailara adierazi zien elkartutakoei: "Euskara elkarteak aktibatu behar dira, euskararen ametsa berriro piztu". Gakoa, lan mundua euskaratzea izango dela ere aipatu zuen eta gazteekin konektatu beharra ere bai.

Apirilaren 30ean Mikel Reparaz

Jon Sarasuaren hausnarketa saioa Kultura Sailak antolatu zuen eta hitzaldi sorta baten hasiera izan zen. Hurrengoa apirilaren 30ean izango dela iragarri zuen Jose Migel Uribarren Kultura zinegotziak eta Mikel Reparaz kazetaria etorriko da Estatu Batuen eta Trumpen gainean berba egitera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak