Antzerki eskolen bitartez sormena landu dute ikasleek

Aitor Zuazabeitia 2019ko mar. 14a, 16:23

Arizmendi ikastolako Almen guneko eta Kurtzebarri eskolako hainbat ikaslek antzezlanak eskainiko dituzte egunotan Arkupen. Apropox Sormen Iturriak gidatutako hogei orduko antzerki eskolako klaseen emaitzak erakutsiko dituzte senideen aurrean.

Lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako hainbat ikasle izango dira Aretxabaletako kultur-etxeko aretoan aste honetan eta baita hurrengoan ere. Atzo, martxoak 13, eskainiko zituzten lehen antzezlanak Almen gunekoek, Ospitalea eta Baserria. Gaur, ostera,  Itsasaldia antzeztuko dute, 17:00etan.

Hurrengo astean Kurtzebarri eskolakoen txanda izango da. Seigarren mailako ikasleek Zinema lana egingo dute martxoaren 20an, eta hilaren 21ean, Aireportua bosgarren mailakoek; bi horiek ere 17:00etan dira.

Ikasleak sortzailea

Antzezlan horiek orain dela gutxi martxan jarri den hogei orduko antzerki eskola baten emaitza dira.  Apropox Sormen Iturri proiektua dago horren atzean, Jurgi Etxebarriaren eskutik. Horrek azaldu duenez, urrian hasi ziren antzerki eskolekin eta antzeztuko duten lanekin batera beste hainbat kontu landu dituzte ikasleak; taldeen eraketa, ahoskera, lotsak...

Etxebarriak lanen hariak idazten ditu eta baita pertsonaiak asmatu ere, baina ikasleek ekarpen handia egiten dute lan bakoitzean. "Erdi eginda dagoen istorio bat jasotzen dute eta beraiek osatu gero amaierako lana lortu arte, beraz “oso eurena” den zerbait ateratzen da hortik", dio Etxebarriak eta gaineratu du ikasleek bapateko egoerak lantzen dituztela eta hori aprobetxatuta batzuetan inprobisatu ere egiten dutela.

Antzezlan gehienek hogei bat pertsonaia dauzkate, ikasle kopuruaren arabera: "Hori bai, ez dago pertsonaia nagusirik, guztien parte-hartzea bultzatzen da eta entseguetan norbaitek zerbait gehitu nahi badio bere pertsonaiari ez dago inongo arazorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak