Nerabeen aisialdi beharren gaineko ikerketa aurrera doa

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 12a, 10:43
Maider Etxaniz –Gazteria teknikaria– eta Farapiko ordezkariak, hitzaldian.

Aisialdiaren gainean egindako diagnostikoaren nondik norakoen berri eman zieten joan den astean gurasoei eta hezitzaileei, eta orain, bigarren fasea jarriko dute abian. Partaidetzan oinarritutako lantaldeak sortuko dituzte, gai batzuk sakonago lantzeko.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako nerabeen aisialdi beharren gainean egindako ikerketaren berri eman zieten, 12 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei eta horiekin lanean diharduten hezitzaileei Farapi kooperatibako kideek. Udal ordezkariak, UDAko kideak eta gaztelekuko hezitzaileak elkartu ziren, besteak beste, gurasoekin batera. Eta aurkezpenaren bukaeran, hainbat hausnarketa partekatu zituzten horiek guztiek.

Denbora librea, garrantzitsua

Herriko bi ikastetxetako 112 ikaslerekin elkartuta, horiek zelan bizi duten nerabezaroa jaso dute diagnostikoan: "Mugarritzat adierazi dituzte DBHn sartu izana, espazio berriak konkistatu nahia, ardurak hartzea, kontzientzia piztea…", zioten Farapiko kideek. Eta bi aisialdi mota bereizten dituztela jaso dute: aste barrukoa, arautua –ingelesa, kirol jarduerak…– eta aste bukaerakoa, librea: "Modu intentsuan bizi dute hori, lagunak ardatz direla". Eskaeren artean, ostera, honakoak nabarmendu dituzte gazteek: "Norberaren autonomiaren garrantzia, denbora falta, espazio propioaren nahia, jaietan eurendako ekintzen beharra, pertsona erreferenteen garrantzia eta Udalarekiko urruntasuna, besteak beste".

Horiek guztiak entzunda gizarteak bultzatzen duen eredua, helduen hausnarketa beharra eta substantziak kontsumituko ez diren espazioen nahia aipatu zituzten elkartutakoek. 

Bigarren fasean, parte-hartzea 

Behin diagnostikoa aurkeztuta bigarren fase bati ekingo diote: parte-hartzeari. "Prozesuaren erdigunean egongo dira nerabeak eta elkarlanerako marko erosoa sortuko dugu. Fokua prozesuan jarriko da eta elkarrekin eraikitzeko aukera izango dugu, nerabeen ahalduntzea bilatuta", zioten Farapikoek. Partaidetza saio hori aurten egingo da, eta hiru fase izango ditu: lehenengoan, ikasle guztiek hartuko dute parte, gai garrantzitsuenak erabakitzeko; gero, lantaldeak sortuko dituzte, gai zehatzak lantzeko; eta kontraste fase bat egongo da bukaeran. Helburua aisialdiaren gaineko hausnarketa bultzatzea dela aipatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak