Aratuste-domeka gaueko jarrera "ez egokiak" salatu ditu Kultura zinegotziak

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 4a, 17:24
Lausitta kalean, edukiontziak erretako lekua.

Aratuste-domekan izandako jai giro bikaina "etsai-girora" pasatu dela gau partean salatu du Kultura Saileko zinegotziak, eta horren adibide aipatu ditu borrokak, kristalak apurtu izana eta hainbat edukiontzi erre.

Santa Kurtz kalean –Iturrigorri pilotaleku aurrean– eta Lausitta kalean bina edukiontzi erreta agertu dira domekatik astelehenera bitarteko gauean. Dagoeneko garbituta daude inguruok, baina gaueko ekintzen arrastoek bertan jarraitzen dute.

Horiek eta beste hainbat ekintza gertatu direla eta kezkatuta eta haserre agertu da Jose Migel Uribarren kultura zinegotzia. 

Hona hemen idatzia osorik:

"Iñauterietako igandea Aretxabaletan, aurten: giro ezin hobea, eguraldia primerakoa, kaleak jendez lepo kuadrillan denbora luzez prestatutako mozorro dirdiratsuak erakusten, elegante luzitzen, kintoek Txino dantza dantzatzen... Aretxabaletako kirol etxean 630 pertsonek bazkaldu zuten eta arratsaldez sari banaketan herriko plaza topera berriro, eta kintoek azken dantza egiteko prest! Aurten be primerakoa izan da aretxaletarren erantzuna! Mila esker zuei, guztioi!

Hala ere, gaueko ordu txikietan giroa aldatu da bat batean, jokoa aldatu da, giro atseginetik etsai-girora pasatu gara: edukiontziak erreta, kristalak apurtuta, borrokak... bizilagun askoren gaueko atsedena hautsi da.

Idatzi honen bitartez jarrera hauek salatu nahi ditugu, horrelako jendea soberan dago gure herrian, gure jaiak bakean gozatu nahi ditugu! Gaua eta mozorroa aprobetxatuta, ezkutuan gure kaleetan modu ez zibilizatuan ibili dira. Jarrera hauek ez datoz bat gure izaerarekin eta egunean zehar izan dugun giroarekin. Eguna horrela amaitzea ez da bidezkoa! Atxabaltarrok ez dugu merezi hau! Kultura kontzejaliatik jarrera hauek salatu nahi ditugu eta barkamena eskatzen diogu herriari.

Aurrerantzean, horrelako jarrerak ez daitezen gertatu neurriak aztertuko ditugu, baina formularik onena elkarrenganako errespetua eta zentzuz jokatzea da!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak