Nerabeen aisialdi nahiak ezagutzeko ahalegina

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 1a, 15:31

DBHko lehenengo eta laugarren maila arteko 112 ikaslerekin elkartu dira Farapi elkarteko kideak eta horien iritzia jaso dute. Horren guztiaren berri emango diete gurasoei, hezitzaileei eta gazteekin lanean dihardutenei martxoaren 6an, Arkupen.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako nerabeen aisialdi beharrak ezagutzeko asmoarekin ikerketa egiteko ardura eman zion Udalak Donostiako Farapi elkarteari. 12 eta 16 urte arteko ikasleekin elkartu ziren horiek, eta hiru orduko saioetan gaztetxoek dituzten nahiak eta beharrak jaso. Horren guztiaren berri emateko, hitzaldia eskainiko dute eguaztenean, martxoaren 6an, Arkupen, 18:00etan –Eskoriatzan martxoaren 12an, Ibarraundin–. Gurasoak, hezitzaileak eta gazteekin diharduten eragileak gonbidatu dituzte. 

Profil askotariko 112 nerabe 

"Aisialdiaren inguruan dituzten interesak, ohiturak eta beharrak zeintzuk diren ezagutu dugu", azaldu du Farapi elkarteko Maider Eguzkitzak, eta gaineratu: "Nerabeak euren aisialdiaren gainean pentsatzen eta hausnartzen jartzeko ere balio izan du. Hori oso interesgarria da, batez ere, nerabe horien partaidetza aktiboa bultzatzen hasteko, eta sustatze lanetan lagunduko diguten gakoak identifikatzeko".

Iaz udazkenean elkartu ziren nerabe horiekin –Kurtzebarri Institutukoekin eta Arizmendi Ikastolako Almen gunekoekin–, eta 112 lagunek hartu zuten parte adinaren –DBH 1 eta 2 alde, batetik eta 3 eta 4, bestetik– eta generoaren –mutilen eta nesken taldeak eta mistoak– arabera banatuta: "Saiakera berezia egin da taldeek ahalik eta nerabe profil anitzena bil zezaten". Eta partaidetza oinarri duten ariketak landu zituzten horiek: "Saioak mugituak, praktikoak, talde lanean egitekoak eta ludikoak izatea bermatu da", adierazi du Eguzkitzak.

Euren aisialdiaren protagonista

Landutako gaiak asko izan dira, eta Farapiko kideak nabarmendu ditu aurrera begira lanean jarraitzeko kontuan izan beharreko batzuk. Autonomia da horietako bat, nerabeak euren aisialdiaren protagonista izan daitezen eta denbora hori modu autonomoan kudeatu, erabaki eta bizi. "Aurreko ideiari lotuta, autonomiaz kudeatzeko espazio propioak bilatzen dituzte, kuadrillan biltzeko", dio Eguzkitzak.

Erreferenteen garrantzia ere azpimarratu du: "Aisialdiari lotutako begiraleak, entrenatzaileak eta kale hezitzaileak nerabeen eta mundu helduaren arteko zubi figurak dira, sarritan, gaztetxoen konplizitatea eta konfiantza lortzen dutenak". Denbora falta agertu dute egindako saioetan, aste bukaerak izanik "benetako denbora librearekin gozatzeko uneak", eta jaiak ere "garrantzi handiko uneak" dira gaztetxoendako. Bestetik, ez direla gizarte eragile sentitzen adierazi dute, eta Udalarekiko "urruntasuna" agertu ere bai.

Farapiko kideak pozik daude egin dieten harrerarekin: "Nerabeek gogotsu hartu dute parte jarritako dinamiketan". Halako gaien gainean berba egiteko espazioak "eskertu" dituzte, gainera.

Egindako lan hori guztia zabaldu gura dute; batetik, jasotako emaitzen berri eman, eta bestetik, iragarri aurrera begira egitea gura den partaidetza fasearen nondik norakoak. Herritarrak lanketa horretara hurbiltzea garrantzitsutzat jo dute Farapikoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak