Euskarara gerturatzeko ahaleginak ez du etenik

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 1a, 14:11

Auzoko egitasmoko hainbat kide umeei aurpegiak margotzen.

Auzoko egitasmoko kideek aste bete-betea izan dute; torradak gertatu dituzte, eta jaialditxoa egin Durana kalean. Loramendi Elkartearen ardurapean Paloma Martinezek gidatutako taldeak gogotsu jarraitzen du euskaraz ikasteko lanean.

Loramendi elkartearen ardurapean dauden hizkuntza errefortzuko eta ludotekako neska-mutikoek eta Auzoko egitasmoko kideek kolorez eta musikaz bete zuten Durana kalea eguaztenean. Halako ekimenak Auzokon dihardutenendako apartekoak direla adierazi du bertako dinamizatzaile Paloma Martinezek: "Integrazioan laguntzen du".

Kanpotik etorritakoei harrera linguistikoa egitea helburu duen Auzoko egitasmoan bi talde elkartzen dira, bata martitzenetan (10:00) eta bestea eguenetan (15:00). "Hamabost bat lagun gaude, baina bakarra naiz euskaraz dakiena. Horregatik, hemengoak animatu gurako nituzke, harrera hori berotzeko", dio Martinezek.

Taldekideak "gustura" elkartzen dira; Maragua sahararrak, esaterako, hiru urte daramatza: "Euskaraz ikasten dugu eta giro oso ona daukagu".

Hiru proiektu aurrera begira

Beste hainbat proiektu ere badituztela esku artean jakinarazi du Martinezek. Batetik, familia harrera edo familia laguna: "Bertako familia batek kanpotik datorren bati harrera egitea da".

Bestetik, Auzoko Txiki dago: "2 urtera arteko umeak dituzten etorkin familiei zuzendutakoa; hemengoekin elkartu eta umeen bueltan kantuan egitea, jolastea… litzateke asmoa".

Horrez gain, beste talde bat sortu gurako lukete: "Auzoko da euskara ezagutzen ez dutenendako, eta mintzapraktika dakitenendako. Bi horien arteko beste baten beharra ikusi dugu: berba egitera ausartu ez baina entzuteko gogoz daudenendako, poliki-poliki ikasten joateko…".  Horiei guztiei heldu gura diete datorren ikasturtean.

Erlazionatuak

Auzoko egitasmoko kideak jai giroan

Mirari Altube Arrese 2019 mar 01 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak