Iazkoa gainditzeko gogoz, Martxoaren 8rako lanean

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 22a, 08:31

Gero eta gertuago dagoen datari begira Aretxabaletako hainbat emakumek dihardu prestatze lanetan. Egitarauaren zirriborroa zehaztuta daukate, eta aurten ere bi une indartsu izango dira egun horretan; motorrak berotzen, ostera, aurreko egunetan hasiko dira.

Heteropatriarkatu kapitalistari planto! leloarekin datorren greba feminista indarra hartzen hasi da azken asteotan. Aretxabaletako M8 Plataformak hainbat bilera egin ditu dagoeneko, eta eskualdeko gainerako plataformekin batera Elorregira martxa antolatu dute domekarako –argibide gehiago 5. orrian–.

Leporako zapiak

Gazteak, helduak eta nagusiak elkartu dira plataformak egin dituen bileretan, eta eztabaidarako uneak ere zabaldu dituzte. Aurtengo deialdia bost ardatzetan dago oinarrituta: pentsiodunak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Eta umeen zein adinekoen zaintzan dihardutenek ere grebarako eta ekitaldietarako aukera izan dezaten zer egin izan da hausnarketa eragin duen gaietako bat.

Herritarrei grebaren nondik norakoen berri emateko mahaia jarriko dute martxoko lehen egunetan, eta pegatinak eta zapiak ere eskuragai jarriko dituzte.

Martxoaren 8an, ostera, iaz lez, ekitaldi nagusi bi izango dira, 12:00etan eta 19:00etan. Aldarrikapenak bat egingo du jai giroarekin: dantzekin, musikarekin eta kirol kontuekin. Horiek guztiak antolatzeko hurrengo bilera martxoaren 5ean egingo dute Ilargi plazako lokalean (18:00), eta emakume guztiak daude gonbidatuta.

Emakumeen elkargunea

Aretxabaletako M8 Plataformako kideen artean daude Lurdes Llodio eta Larraitz Iñurrategi  eta gertatze lanen nondik norakoen berri eman dute.

Zelan doaz antolaketa lanak?

Poliki-poliki badoaz. Hiru batzar egin ditugu, bi talderekin, eta badoa dena forma hartzen.

Zenbat emakume eta zein profiletakoak bildu zarete?

Guztira, 30 bat elkartu gara orain arte, eta profila nahiko anitza izan da: ikasleak, erretiratuak, atzerritik etorritakoak, langileak –esparru ezberdinetako emakumeak–. Oso pozik gaude horrekin. Horrelako arrazoi bat ez balitz, seguru asko, inoiz elkartuko ez ginatekeen emakumeon elkargune txiki bat delako M8ren antolaketa.

Nobedaderik egongo da ekitaldietan?

Iazko nahiko antzekoak antolatu dira; M8 iluntzean egongo da berrikuntzatxoren bat, dantza parte-hartzaile bat…

Erronkarik baduzue aurten?

Zaintzari leku berezia egin nahi zaio, eta lan hori ikusarazi eta baloratu nahi genuke. Bereziki, horretarako ere zerbait prestatzen gabiltza.

Iaz lanuzteak egin ziren, aurten greba; zergatik da oraindik beharrezkoa?

Erakutsi nahi dugu emakumeok geldituz gero zer gertatzen den etxe, lantoki eta kaleetan; egun osoko greba izanda, alor asko eta egunerokotasuneko une ia guztiak harrapatu genitzake, jendartea benetan konturatzeko zenbat lan egiten ditugun emakumeok –ordainpeko eta ordainik gabeko–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak