Hogei urte karatearen bueltan lanean

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 11a, 12:02
Odilo Vazquez entrenamendu saio batean.

Karateka eta entrenatzailea da Odilo Vazquez (Ourense, 1963), baita epailea eta coach-a ere. Edonork egiteko kirola dela dio, eta 200 neska-mutikotik gora pasatu dira haren eskolatik; gaur egun dauden 24 lagunek gogor dihardute lanean aurrez aurre dituzten txapelketei begira.

Karatea eta Odilo Vazquez (Ourense, 1963) bat dira Aretxabaletan. Dio berandu barneratu zela kirol horretan, 18 urterekin, baina bete-betean murgildu zen gero. Karateka eta entrenatzaile denak Debagoieneko Kirol Sarien barruan Aretxabaletako Udalaren saria jasoko du otsailaren 13an, Arrasaten: "Asko poztu nau. Urte askoan egindako lanaren saria dela uste dut, eta egindako lan hori aintzat hartzea beti da polita".

2007a ezkero UDA barruan 

"Kirolaren bueltan elkartzen ginen lagun talde batek karate erakustaldi bat ikusi genuen Herriko Plazan, eta izena eman. Gero, neuk bakarrik jarraitu nuen", dio Vazquezek. Gerriko beltza du –3. Dan maila–, entrenatzaile izendapena, eta epaile lanetan dihardu 2005az geroztik; karate coach-a ere bada iaztik.

Hogei urte pasa daramatza entrenatzaile lanetan herrian: "1998an hasi nintzen Aretxabaletan zegoen eskaerari erantzunez, eta lehen urteak gogorrak izan ziren egoitza faltagatik. Kirol etxean elkartu ginen 2005a arte, eta gero, Kurtzebarri Eskolako gimnasioan". 2007az geroztik Aretxabaleta Kirol Elkarte barruan dago taldea: "Babeserako aterkia da, eta beti dago hor behar dugun edozertarako".

Hogei urtean 200 neska-mutiko

Hogei urtean 200 neska-mutiko inguru hezi eta hazi ditu karatearen bueltan; besteak beste, bi semeak: "Ez pentsa, ez ditut nik bultzatu. Nagusienak, Odeik, behartu ninduen herrian entrenatzen hastera. Oxelek, ostera, futbolean jardun du karatearekin batera, eta orain, karatean bakarrik dabil". Gaur egun 24 lagunekin dihardu lanean, eta gogor dabiltzala entrenatzen dio: "Otsailean eta martxoan ditugun txapelketei begira, batetik, eta gerrikoak lortzeko, bestetik". Edonork egiteko moduko kirola dela gaineratu du, ez delako aparteko ezaugarririk behar; eta beste kirol batzuekin "guztiz bateragarria" da. 

Jasoko duen saria Aretxabaletan karatearen motor lanak egiteagatik dela dio: "Izan ere, Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketak gurera ekarri izan ditugu, eta kanpora jokatzera joanda herriaren berri ematen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak