Santa Ageda neska-mutilak sekulako hasiera eman diote asteari

Aitor Zuazabeitia 2019ko ots. 7a, 17:18

Santa Ageda bezpera eta eguna ospatu zuten bertako kintoek auzoetan zehar koplak abestuz, eta hurrengo egunean herriko plazan dantzatuz, Aretxabaletako kaleetan abestu eta gero. Inauteriak iritsi arte domekero egingo dute dantza.

Astelehenean, Otsailak 4, ekin zioten XXI. Mendeko lehen belaunaldiko aretxabaletarrek herriko plazan Santa Ageda bezperako ospakizunei. Aurten eguraldia aldeko izan dute eta giro ezinobean gozatu zuten herritar guztiekin batera. Astelehenean aurreko egunetako euriteek eragindako lokatz artean, baserriz baserri aritu ziren Aretxabaletako Udalak erraztutako ibilbidea jarraituz, jendea izango zuten baserrietara zihoazela ziurtatzeko. Honela, goizean, Oro, Arkarazo, eta Areantza auzoetatik banatu ziren eguardirarte. Arratsaldean berriz,  Galartza eta Isurietako auzoetara igo ziren eta guztiak animatu ez baziren ere kinto batzuk hasitakoa amaitu nahian, atez-ate joan ziren falta ziren baserrietara. Azken hauek gutxigatik lortu zuten beraien helburua, Etxezuri baserrira iritsi orduko zerua iluntzear baitzegoen. Hala ere, aurrera egin zuten eta zortzirak aldera abestu zuten Isurietan atea ireki zuen azken baserriaren aurrean.

Afalorduan kintoak herriko tabernetan elkartu ziren eta ospakizunarekin jarraitu zuten.

Martitzenean, hilak 5, Santa Ageda egunean, kintoak herritik zehar aritu ziren betiko koplak abesten. Oraingoan ere, taldetan banatu ziren lasaiago ibili ahal izateko. Esan daiteke herri guztiak entzun zituela, kalean abesteaz aparte Kurtzebarri Eskolan, Ikus-entzunezko eta komunikazioen fakultatean, udaletxean, eta batzuen harridurarako udal-liburutegian ere abestu baitzuten.

Egun guztia jai giroan gora eta behera igaro ostean, zazpirak aldera herriko plazan elkartu ziren Santa Ageda neska-mutilak herritarren aurrean urteroko dantzak egiteko.  Ekitaldia inongo arazorik gabe igaro zen, normalean bezala, baina oso ondo antolatutako talde bat ikusi dugula aipatu beharra dago. Kaosa eta bromak dantza osteko ospakizunerako utzi zituzten eta ziurrenik batenbatek gehiegi ospatu izana damutuko zuen hurrengo goizean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak