Argazki zaharrak kalean, oroimena astintzeko

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 19a, 12:00

Udaleko Kultura Sailak hamazazpi argazki zahar jarri ditu herriko hainbat kaletan, gunetan eta eraikinetan, sasoi bateko Aretxabaleta zelakoa zen jakin dezaten herritarrek. Argazki horiei jarraitutako bisita gidatua egingo dute azaroaren 18an.

Egunotan han eta hemen jarri dituzten argazki zaharrek ikusmina sortu dute herritarrengan. Kultura Saileko kideen ekimena izan da, Joxe Migel Uribarren zinegotziaren burutazioa, hain zuzen ere: "Galiziako herri batean ikusi nuen, eta ideia hona ekartzea pentsatu dut". Udaleko Argazki Artxiboko argazkiak dira; hamazazpi, guztira. Eta sasoi bateko Aretxabaleta zelakoa zen gogoraraztea dute helburu: "Nondik datorren norbera jakitea interesgarria da", dio Uribarrenek.

Orain dela 100 urtekoak

Mojen komentua, tren geltokia, Beroa lantegia, Ibarra futbol zelaia, Copreci inguruak, Otalora kalea, udaletxe zaharra… eta, hala, beste hainbat eraikinetako eta gunetako argazki zaharrak jarri dituzte, bakoitza dagokion lekuan, lehengoa eta oraingoa alderatzeko moduan. "Aretxabaletaren gaineko beste ikuspegi bat ematen dute erretratu horiek; bestela, bat-bateko ikuspegia bakarrik daukagu", adierazi du Aitor Antxia Leturiak, Argazki Artxiboko kideak. Hain zuzen, Uribarrenekin batera egin du argazkien aukeraketa. "Zaharrenak orain dela 100 urte ingurukoak dira; Otalora kalean, esaterako, mikeleteak ageri dira. Beste hainbat herritar ere jaso dira argazkitan". Beste batzuetan, ostera, eraikinak bakarrik jaso dituzte; Errotazar, adibidez: "Lausittako zubian dago jarrita, askok ez dute-eta horren berririk". 

Bisita gidatua, azaroaren 18an

Uribarren zinegotzia pozik dago herritarrek egin dioten harrerarekin. Izan ere, asko eta asko geratu dira argazkiei begira, batzuk seme-alabei azalpenak ematen eta beste batzuk, kuadrillatan jardunean. 

Jakinik argazkietan agertzen den Aretxabaletaren gaineko kontuak gero eta gutxiagok dakizkitela, ekimenaren sortzaileek argazki horien gaineko argibideak eman gura dituzte; hala, bisita gidatua antolatu dute: "Kalebarrenean hasita, bananbanan argazki guztiak ikusiaz, kontu-kontari paseotxoa egingo dugu", dio gidari lanak egingo dituen Antxia Leturiak. Azaroaren 18an izango da hori, domeka.

1943ko abuztuko ur handiak

Parrokiaren atzeko parteko horman, Lausittara bidean dagoen zubi inguruan, plaka bat jarri dute, 1943ko abuztuan izandako uholdea gogoan izateko. Hona hemen plakak dioena: 1943-08-28 San Agustin eguna. Honaino heldu zen errekako ura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak