Kirol eta Jarduera Fisikoan lizentziaduna da Ane Beraza (Arrasate, 1991), eta Kirol Elikadura ikasketak egiten dihardu orain. Urriaz geroztik, Loramendi elkarteko teknikaria da.
Aurretik ez zara euskalgintzan jardundakoa; gustura?
Bai, benetan ere gustura. Loramendiko lanak aukera eman dit beste ikuspegi bat ezagutzeko.
Eta zelako harrera egin dizute aretxabaletarrek?
Ona, ona; arrasatearra izanik, jendea aurretik ere ezagutzen nuen eta lankideek asko lagundu didate, elkartearen martxa bizkorrago hartu dut hala.
Zein da euskararen egoera herrian?
Herri euskalduna da eta euskara entzuten da kalean. Beti daude lantzekoak eta hobetzekoak, herri guztietan lez, eta horretarako gabiltza lanean, bultzada bat emateko euskarari proiektu ezberdinen bitartez.
Zerbaitek eman dizu atentzioa?
Martin Berrizbeitia eta biok egon ginen Zergatik ez? saioak lantzen Kurtzebarri eskolan 14 urteko gaztetxoekin, eta, euskara non kokatzen duten galdetuta, erantzun dezente jaso genituen urrun sentitzen dutela ziotenak. Ni harritu egin nintzen, baina hori da errealitatea eta hor eragin behar dugu.
Euskaraldian jardun duzu lanean; zelako emaitzak lortu dira?
Parte-hartzeari dagokionez, ona izan da balorazioa, 1.500 txapa baino gehiago banatu ziren eta enpresek eta komertzioek, besteak beste, babesa erakutsi zuten. Bestelako balorazioa? Norberak egin behar du; norberak daki ohiturak aldatu dituen…
Aurrera begira, non jarri beharko lituzke indarrak euskalgintzak?
Herritar guztiengana iristen ote garen kezka dugu Loramendin; izan ere, euskaraz bizi garen ikuspuntu horretatik egiten dugu lan guk. Begirada zabaldu gurako genuke, beste egoera batzuk ere badaudelako, entzun egin behar diegu horiei eta non jokatu beste aukera batzuk topatu. Barriketan eta Auzoko egitasmoen ardura Paloma Martinezek hartu du orain, eta beste bide bat izan daiteke kanpotik etorritakoak gerturatzeko. Herriko benetako errealitatea ezagutuko dugu horrela.
Korrika dator apirilean…
Eta zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, hobeto, batetik, antolatze-lan handia delako, eta, bestetik, oso polita delako.