Martin Garai: "Laneko nire lehen isuna emazteari jarri nion"

Amaia Zabala 2019ko urt. 11a, 14:04
1982az geroztik Aretxabaletako kaleetan arauak errespetatzeaz arduratu dira Martin garai eta Alberto Zillaurren udaltzainak, baina, inor ez da betiko, eta haiei ere iritsi zaie erretiroa hartzeko ordua, 36 urte igaro ondoren.
Martin Garaik urtarrilaren 2an hartu zuen erretiroa eta oraindik ere bizitzako etapa berri honetara ohitzen dabil. Izan ere, 1982ko uztailaren 2az geroztik udaltzain lanetan ibili da Aretxabaletan.
 
Betidanik udaltzain izan nahi al zuen galdetuta, "txiripaz" bukatu zuela lanbide honetan argitu du: "Langabezian gelditu nintzen eta udaltzain lanetan hasi nintzen denboraldi baterako izango zela pentsatuz eta beste zerbait topatu orduko uztekotan; gerora, ordea, gustatu egin zitzaidan eta bertan geratzea erabaki nuen, eta aitortu behar dut azkenean gustura ibili naizela".
 
Lanbidetik gehien zer gustatu zaion galdetuta, hauek aipatu ditu: "Udaleko langile guztiak, baina, batez ere, udaltzainak, primeran moldatu gara. Bestalde, herritarrekin izan dudan hartu-emana ere oso aberasgarria izan da. Gainera, nahiz eta hauekin une onak eta txarrak izan, gu beti gauza onekin soilik geratzen gara". Garaik gaineratu du herritarrei lagundu ahal izatea eta haiek nola eskertzen duten ikustea ere oso atsegina izan dela.
 
Lanbidearen alde onak berehala esan ditu, eta txarrak galdetuta, aldiz, gehixeago pentsatu behar izan du Garaik; azkenean, salaketak ipintzea eta errieta bota beharra aipatu ditu. Urte hauetako guztietako ibilbidean hainbat anekdota izan ditu, noski, Martin Garaik; xelebreena, honako hau: "Nire lehen isuna emazteari jarri nion; autoa gaizki aparkatuta utzi zuen eta isuna jarri behar izan nion. Ederki hasi nintzen. Ni, beti, hasiera-hasieratik ere eredugarri izaten; kar, kar, kar".
 
Orain, erretiroa hartuta, mendira joatearekin, baratzean aritzearekin eta familiarekin egitearekin zoriontsu dela argitu du udaltzain ohiak.

 

Martxoan erretiroa Zillaurrenek

1982ko ekainaren 1ean hasi zen Alberto Zillaurren, eta, ia 36 urteren ondoren, 59 urterekin hartuko du erretiroa, martxoan. Izatez, Aramaioko Untzilla auzokoa da, baina Aretxabaletarako joera handia izan du beti, eta, azkenean, bertara joan zen bizi izatera: "Nahiz eta gure lanean errazagoa den bizi ez zaren beste herri batean lan egitea; izan ere, herrian jende guztiak ezagutzen zaitu eta etengabe datoz gauzak galdetzera edo haserre daudenean errieta egitera. Dena den, herri berean bizi eta lan egiteko, ez zait hain gaizki joan".
 
Udaltzain izateko apustua zergatik egin zuen galdetuta, berriz, Garai bezalaxe hura ere "txiripaz" sartu zela kontatu du: "Industria Maisutza ikasi nuen, kooperatiba batean sartzeko asmoz, baina garai hartan krisia izan zen eta nik ikasketak bukatu nituenetik hamar urtera ez zen inor sartu; beraz, udaltzain sartu nintzen. Eta, hamar urtera, aukerak sortzen hasi zirenerako, informatika oso sartua zegoen eta nik ez nuen honen inguruko ezagutzarik; hala, enpresetan nik nahiko nukeen postuan egoteko, prestatu gabe ikusi nuen neure burua".
 
Garaik bezalaxe, Zillaurrenek ere bere lana ondo eta gustura egiten ikasi du, baina aitortu du ez dela erraza, eta sarritan kezka izaten duela: "Hirietan ez bezala, herrietan udaltzainak, askotan, bakarrik eta babes gabe gaude egoera ezberdinei aurre egiteko". Amaitzeko, uniformea martxoan lagako duen arren, Aretxabaletatik gertu jarraituko duela azaldu du, mendi bueltak eta paseoak eginez.
 

Ordezko udaltzainak

Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak Goiena telebistako Harira saioan jakinarazi du ordezko bi udaltzainak uztailerako izango dituela Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak