Neguko azokan, bertako produktu eta ekoizpenak

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 13a, 16:00

Neguko azokari begira udal ordezkariek hainbat merkatarirekin eta artisaurekin ateratako talde argazkia.

Neguko azoka laugarren urtez egingo dute Aretxabaletan, asteburu honetan. Herriko merkatari eta ekoizleak bultzatzea helburu duen ekimen hori arrakastatsua izan da aurreko edizioetan, eta aurten ere halakoa aurreikusten du Udalak. Hori horrela, karpa izango da jarrita hainbat egunetan, herriko plazan, eta bertara doazenek produktu ezberdinez gozatu ahal izango dute.

"Neguko azokaren helburua herriko merkatari, artisau eta ekoizleei laguntzea da. Horrekin batera, herritarrei, Gabonetako erosketak herrian bertan egiteko gonbidapena egin nahi diegu", adierazi du Naia Agirrek, Enplegu eta Garapen teknikariak.

Zapatuan eta domekan, guztira, 23 postu jarriko dituzte herriko plazan, asteburuan egingo den neguko azokaren baitan, eta ordutegia honako hau izango da: zapatuan 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era izango da azoka zabalik eta domekan, goizez bakarrik. Hala ere, egubakoitzetik egongo da karpa jarrita, eta, eguaztenera bitartean, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte.

Motorrak berotzeko, buzkantzak

Neguko azokari hasiera emateko, egubakoitzean, buzkantz-dastatzea eskainiko dute UDA kirol elkartekoek. 18:30ean izango da, eta, haiekin batera, Aretxarte Merkatari Elkartekoek haurrentzako joko ezberdinak aterako dituzte plazara.

Ogia egiten ikasteko aukera

Astelehenean eta eguaztenean, abenduaren 19an, bestalde, ogia egiteko tailerra egongo da karpan arratsaldeko bostetatik aurrera. Aretxabaleta okindegiko Antonio Herruzo okina izango da tailerra ematen, eta herritar ororentzat izango da. Hori horrela, ez dago izena eman beharrik. Martitzenean, bestalde, urtero egiten den Gabonetako kontzertua eskainiko dute Leizarra musika eskolakoek. Emanaldia 18:00etan izango da, herriko plazan, eta ordubete inguru iraungo du.

GKEen presentzia

Herriko ekoizle, artisau eta merkatariez gain, Hiruatx gobernuz kanpoko erakundea eta Harreman denda ere izango dira azokan. Hotz Oñati taldekoek abian duten kanpainarekin bat egingo du Hiruatxek, eta salmentan jarriko ditu Grezian egindako tazak. Ateratako dirua Greziako proiektu ezberdinak finantzatzeko erabiliko da. Bestetik, Oñatiko Hermansoloña GKEri ere lagunduko dio Hiruatxek. Saharako kanpamentuen alde eta Oñatin dauden etorkinen alde produktuak batuko dituzte herriko plazako arkupeetan jarritako kaxetan.

Neguko azokako postuak

23 postu izango dira Aretxabaletako herriko plazan, askotariko produktuak saltzeko asmoz.

Merkatariak

• Belar Meta.

• Lie.

• Kiloka.

• Tinta Beltza.

• Titare.

Ekoizleak

• Mendibitzu.

• Etxe Zuri.

• Jakion.

• Jose Lombide

Artisauak

• Okila

• Gu Haziak Gara

• Kontxi Gonzalez

• Iban Urreta

• Nerea Maskariano

• Mari Luz Osorio

• Lara Garcia

• Izaro Sanchez

• Yael Eva

Idazleak

• Josune Murgoitio

Musikaria

• Ibai Mujika

Beste Batzuk

• UDA

• Orly taberna

Hiruatx eta Harreman gobernuz kanpoko erakundeak ere izango dira bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak