Eider Otxoa: "Baso beltz bat da Gabon sasoia dolua bizi duenarendako"

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 14a, 11:10

Eider Otxoa, bulegoan, umeek egindako marrazki batzuen aurrean.

Doluaren gainean jardungo du abenduaren 17an, Kuku Miku elkartean Eider Otxoa dolu-lagunak Maite Urzain terapeutarekin batera, eta biolin doinuekin goxatuta. 

Irailaz geroztik du bulegoa Aretxabaletako Aralar kalean Eider Otxoak, eta bertan terapia lanak egiten ditu. Astelehenean, Kuku Miku elkartean egingo duen saioa herritar guztiei dagoela zabalik adierazi du, baina izena eman behar da aurretik.

Kuku Mikun egingo duzuen saio horretara edonor gertura daiteke… 

Bai, herritar guztiei dago zabalik pentsatuta herrian jende asko dagoela doluan dagoena. Gero argibide batzuk ere emango ditugu umeekin zelan landu gaia.

Eta zer landuko duzue? 

Doluari izena jartzen hasiko gara, askotan ez dakigulako zer den. Heriotza baten ondoren sortzen da eta dolerse berbatik dator, mina sentitzea; garai gogorra da eta inork ez du bizi gura izaten. Horregatik gainetik pasatu izan gara, ia joaten den esanaz; gure barruan, baina, ezin egon handia dago, eta galduta sentitzen gara. Terapia bidez laguntza emateko dago dolu-laguna, eta asteleheneko saioa izango da terapia kolektibo bat. Maite Urzain terapeuta arrasatearra eta biok egongo gara bideratzeko. Alba Payasek sortutako metodologia jarraitzen dugu, eta horrek oso kontuan hartzen du hildakoarekin izan den harremana. 

Gabonak ate joka ditugu, ez da izango garai samurra, ezta? 

Gabonak oso garai zaila da doluan dauden pertsonendako. Urte guztian minduta baldin badaude, Gabonetan hirukoiztu edo laukoiztu egiten da min hori. Garai zaila da mundu guztia pozik dagoelako, eta pertsonak elkartzeko sasoia delako; eta etxe horietan norbait falta da. Falta den horren behar handia sortzen da eta dolu-lanean ere atzera-pauso handia ematen da sasoi horretan: emozioek gain hartzen gaituzte, zulo beltz batean sartu… Baso beltz bat da doluan dagoenarendako Gabon sasoia. 

Hortaz, Gabonak zelan bizi argibideak emango dituzue? 

Familiek zer egin izan duten Gabonetan jakingo dugu lehenengo, eta gero proposamen bat egingo diegu guk. Galeraren bat izan duten familia batzuk kanpora joan izan dira etxean ez pasatzearren, eta beste batzuk, ezer gertatu izan ez balitz lez jokatzen dute. Guk hirugarren proposamen bat egingo dugu: Gabonei beste zentzu bat eman falta diren horiek ez daudenetik. Hala, doluan dagoen pertsonak eskaera egingo die senideei zelan ospatu erabakitzeko akordio batera iritsiaz. Horretarako bilera bat egiten da lehenengo, eta arau gutxi batzuk jarri. Doluan gaudenok gure minaren berri ematen dugu eta besteari ere minaren gainean berba egiteko baimena ematen diogu. Sentimenduen gainean berba egiteko unea izaten da. Eta Gabon egunetan zer egin erabakitzeko unea da: falta denaren argazki bat jarri zuhaitzean, umeei parte hartzeko aukera eman eta berba batzuk idazteko edo esateko unea zabaldu… Sentitzeko baimena ematen da eta guztiok egingo dugu negar. Isilune zailak sortzen dira halakoetan eta doluan dagoenak horiek apurtzen ditu. 

Isilean gordetakoa kanpora ateratzeko aukera ematen duzue zuek? 

Hitz egiteko espazio bat zabaldu gura izaten dugu guk, asko kostatzen zaigulako berba egitea. Ederrak izaten dira hitzaldiak, falta den horrekin konektatzen dutelako datozenek, eta ederra da gero konpartitzea. Amaia Arzamendi eta haren ikasle bat etorriko dira biolin doinuekin girotzeko, musikaren bidez erregulatu egiten direlako sortzen diren emozio horiek guztiak.

Dolua lantzeko ohiturarik ez dago… 

Dolua lehen zen ahaztu, ahaztu eta pasatuko da. Baina horrek pertsona isolatu egiten du, mina duelako barruan, bakardadea, berba egin beharra. Lehen ez zegoen baliabiderik baina orain profesionalizatuta dago, metodologia bat dago landuta eta terapia bidez heltzen zaio. Emozioak errehabilitatzeko modua dela terapia esaten diet nik, barruan gordetzen joaten den horrek gero beste osasun arazo batzuk dakartzalako. Medikuek eurek ere diagnostikatzen dute orain doluan dagoena, eta gizarte mailan ere beste baliabide batzuk daude.

Eta dolua lantzeko bulegoa Aretxabaletan bertan dago… 

Bai, Aretxabaletako Aralar kalean gaude. Debagoienean halako bulego bat izatea asko eskertzen didate; izan ere, doluan dagoena energia barik dago, ezertarako gogo barik, hortaz, asteroko terapiak egin ditzakegu hemen, lehen jarraipena bertatik egin… Hiru bat hilabete daramatzat bulegoan; beldur apur bat banuen herrikoa bertakoa izanik neu… Baina oso pozik nago eta eskertuta egin didaten harrerarekin. Bikote lanak ere egiten ditut, dolua oso modu ezberdinean bizi duelako bakoitzak, eta elkarri entzutea garrantzitsua izaten da. Taldeko terapiak ere baditut eta poliki-poliki indarra hartzen doaz. Internet bidez ere banabil zerbitzua ematen. 

Zu bideratzailea zara baina lana norberak egin behar du, ala? 

Doluan dagoena galduta dago eta lehen pausoa ematea benetan zaila izaten da. Hortaz, bulegoko ate horretatik lehenengoz sartzen direnek ez dakite zein pauso handia eman duten. Oso garrantzitsua da doluak denboraz hartzea, korapilatu egiten direlako gero, asko gainera, eta orduan depresio eta antsietate puntuan sartzeko arriskua dago. Horra iritsi aurretik badaude beste bide batzuk, eta gu horretan laguntzeko gaude. Dolua prozesu bat da; lan handia dago egin beharra eta benetan ere egiten dute terapian dihardutenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak