Udalak eta merkatariek bat egin dute Gabonak girotzeko

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 5a, 08:53

'Puigdemont' etorri da, herritarrak Aretxabaletan kontsumitzera animatzeko, "ni ausartu banaz zu be ze arraixogatik ez" esanez; AZ Visual Mediak egindako iragarkiarekin batera, abendurako antolatutako ekintzen eta eskaintzen berri eman dute.

Ohi baino lehenago iritsi dira aurten Gabonetako argiak herriko kaleetara, baita Olentzero eta beste hainbat pertsonaia ere, Puigdemont, adibidez. Gabonak girotzea eta herriko merkataritza sustatzea helburu duen iragarkiaren grabatze lanak izan dira horren arrazoia. Atzo aurkeztu zuten AZ Visual Mediako kideek Udaleko eta Aretxarte merkataritza elkarteko kideekin batera, eta, beste behin, harrituta utzi dituzte herritarrak.

Aretxabaletako Udalak eta Aretxarte merkatarien elkarteko kideek egitarau berezia gertatu gura izan dute aurten ere. Eta eragile ezberdinen arteko elkarlana nabarmendu dute biek ala biek.

Azoka, zozketak eta opariak

Artisau, ekoizle eta merkatarien azoka izango da Gabon atariko izarra. Abenduaren 15ean –egun osoz– eta 16an – goizez– egingo dute Herriko Plazan jarriko den karpa azpian. Horiekin batera hainbat elkartetako kideak izango dira, Harreman dendakoak eta Hiruatxekoak, esaterako; azken horiek Hotz Oñatiri eta Hermansoloña GKEri lagunduko diete abian dituzten kanpainetan. Horiez gain herriko musikari eta liburu egile bana ere elkartuko dira azken lanak aurkezteko.

Bestetik, arrakasta handia izan ohi duten bonuak jarriko ditu Udalak herritarren eskura; 20 euro ordaindu eta 30 euro gastatzeko. Arkupen eskuratu ahal izango dira horiek. Aretxarteko kideek, ostera, zigiluen kanpaina dute abian. Sei zigilu lortutakoan zozketan parte hartzeko aukera dute herritarrek; sariak izango dira 200 euroko bonua, asteburu pasa bat eta 50 euroko 38 bonu.

Merkatariek azken urteotan kaleratu izan duten egutegia ere jasoko dute herritarrek. 

Erakusleiho dotoreenari saria

Egunotan hasi dira erakusleihoak apaintzen merkatariak, izan ere, gaurtik abian da lehiaketa. Kalitatea, publizitate mezuaren imajinazioa, originaltasuna, eraginkortasuna eta argien erabilera hartuko ditu kontuan, besteak beste, epaile lanak egingo dituen aditu batek. Bi sari banatuko dituzte abenduaren 28an: nagusia –plaka eta 300 euroko bonua– eta Gabon mezu onenarena –150 euroko bonua–. 

Horiekin batera ekitaldi ugari antolatu ditu Kultura Sailak Gabon egunak girotzeko: gospel kontzertua, bertso jaialdia eta hainbat antzezlan, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak