Euskaraldiari jai giroan bukaera emateko gertu aretxabaletarrak

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 30a, 16:56

Umeak eta helduak Euskaraldiari babesa erakusten.

Euskaraldia ziztu bizian doa aurrera, giro onean joan ere. Eta datorren astelehenean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera borobilduko dute. Dantzak, atxikimendua erakusteko unea, mezua eta gehiago izango dira Herriko Plazan. Gaur, ostera, Manex eta Kobreak taldearen emanaldia dago.

Aretxabaletan ez da izen-ematerik itxi, eta dagoeneko 1.184 ahobizi eta 270 belarriprest dabiltza txapa paparrean jarrita. Egunotan bizi izan dituzten esperientziak partekatzeko tartetxo bat hartu zuten atzo iluntzean horietako batzuek, eta gustura jardun zuten kontukontari udaletxe zaharrean. 

Ez da izan astean egin den ekitaldi bakarra; izan ere, solasaldi bana eskaini dute Miriam Urkia euskaltzain osoak eta Kike Amonarriz soziolinguistak. Herritarrek harrera beroa egin zieten, eta benetan gustura jarraitu zituzten haien esanak. Horrez gain, Basotxoko kantu taldeak euskal abestiekin girotu zituen kale bazterrak eguaztenean.

Gaur Manex eta Kobreak

Gaur, ostera, Manez eta Kobreak taldearen ekitaldia izango da; 22:00etan, Arkupen (sarrera: 4 euro). Kalakan taldeko Thierry Biscary kide ohia da gidaria, eta alboan izango ditu Kobreakeko musikariak: Ana Telletxea (ahotsa, akordeoia eta perkusioak), Fermin Garaikoetxea (ahotsa, tronpeta eta bonbardinoa), Vianeey Desplantes (ahotsa eta bonbardinoa), Bixente Etchegaray (ahotsa eta tronpeta), Laura Etchegoyhen (ahotsa eta saxofoia) eta Mixel Ducau (ahotsa eta saxofoia).

Jaialdia, 18:30ean hasita

Jai giroan hasi zenari jai giroan eman gura diote bukaera. Hala, astelehenean, Euskararen Nazioarteko Egunean, borobilduko dituzte egunotan hartutako konpromisoak, esfortzuak eta ohitura aldaketak.

Hasierako ekitaldian lez, Herriko Plazan elkartzeko dei egin dute (18:30). Leizarra musika eskolako nagusien dantza taldearen emanaldiak irekiko du ospakizuna, eta, ondoren, Euskaraldiari babesa emandako taldeetako ordezkariei dei egingo diete, elkartu eta argazkia ateratzeko. Bukaerako mezuaren berri emango dute, gero, Loramendi elkarteko kideek, eta, ospakizuna jai giroan bukatzeko, flashmob-a dantzatuko dute elkartutako guztiek, helduek eta umeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak