Euskaltzaindiaren Hiztegiaren gainean hainbat argibide eman zituen, eta zenbat aukera eskaintzen dituen erakutsi: "Euskarazko berba bat ulertzen ez dugunean zergatik jo gaztelaniaz emaitza emango digun hiztegi batera?". Gaztelaniaren makulua alboratzeko gomendioa eman zuen, eta euskaraz kontsumitzearen alde agertu zen: "Irakurtzen dugu euskaraz? Zenbat? Badator Durango… Bihotzbizi bagara, hortaz, izan gaitezen buruprest ere".
Euskalkiaren eta batuaren artean sortutako eztabaida ere atera zuen mahai gainera. Argi utzi zuen eztabaidetan ez zela sartuko, baina agerian utzi zuen bien beharra.
Euskaldun zaharrei atentzioa ere deitu zien: "Sekula pentsatu duzue euskaldun berriek zelako esfortzua egiten duten?" Eta horiendako txaloak eskatu zituen.
Bukatzeko Aretxabaletan erabili izan diren eta egun galtzear dauden bi berba aipatu zituen: tril eta beinke. Biak ala biak Orotariko Euskal Hiztegian jasota dituztela erakutsi zuen.
Herritarrei galderak eginaz jardun zuen ordubete pasatxoan, solasaldi giroan, eta Arkupen elkartu zirenek oso gustura entzun zituzten haren esanak.