Jai giroan emango diote hasiera ekimenari gaur. Baina astean jarraipena izango dute ekitaldiek; hala, hitzaldi interesgarri bi izango dira. Aurten euskaltzain oso izendatu duten Miriam Urkia aretxabaletarrak Euskaltzaindiaren hiztegia oinarri hartuta kontu-kontari jardungo du martitzenean, Arkupen (19:00): "Hitzaldia baino gehiago, solasaldia izan dadin gurako nuke", adierazi du, eta gaineratu: "Euskaltzaindiaren hiztegia aitzakia izango da euskara zenbat, zelan eta zertarako erabiltzen dugun ikusteko; gazteleraren menpe bizi garela erakusteko, batetik, eta euskalkiak/batua eztabaidak zentzu handirik ez daukala erakusteko, bestetik". Ohiturak aldatzea ez dela samurra dio: "Euskaraldiaren aitzakia ona da gogoeta sustatzeko. Ez da bakarrik ahobizi edo belarriprest, bihotzbizi eta buruprest ere beharrezkoak direla uste dut, eta ez 11 egunetan bakarrik".
Kike Amonarriz kontu-kontari
Kike Amonarrizek txanda hartuko dio eguaztenean (19:00). Euskaraldia zer den eta zergatik datorren orain argituko du; dagoeneko asko lortu duela uste du: "Elkarlan bat sortzea lortu du gizarte eragileen eta instituzioen artean, eta lortu du herrietan aktibatzea aspaldian horrenbesteko indarrarekin aktibatu gabe zegoen mugimendu bat".
Solasaldia eguenean eta kontzertua egubakoitzean
Eguenean herriko belarriprest-ak eta ahobizi-ak gonbidatu dituzte bizipenak trukatzera. Udaletxe zaharrean txoko goxoa egokituko dute, mokadutxo baten bueltan, egunotan bizi izandakoen berri emateko talde txikitan; 18:30ean izango da.
Egubakoitzean, ostera, Manez eta Kobreak taldearen kontzertua izango da. Hainbat proiektutan jardundako (Hegalka, Kokin, Kalakan...) Thierry Biscary buru duen taldeak kanta goxoekin beteko du Arkupe (sarrera: 4 euro).