Biktimak babesteko konpromisoak hartzen

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 23a, 17:57

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin bat egiteko dei egin dute Udalak eta herriko talde feministek, eta horren bueltan antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak; elkarretaratzea domeka eguerdian izango da.

Indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio eskubidean jarri du begia Eudelek aurtengo azaroaren 25aren bueltan, eta Aretxabaletako Udalak bat egin du horrekin. "Udal ordezkariak eta feministak ados agertu gara", jakinarazi du Ongizate Saileko zinegotzi Karmele Uribarrik. Adierazpen horrek dioenez, "ezinbestekoa da ematea ahotsa biktimei, autoritatea beraien lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari".

Udalak hainbat ekarpen egin dizkio adierazpen horri, bukatu berri duen II. Berdintasun Planean hartutako konpromisoak oinarri hartuta. Honako hauek dira horietako batzuk: zerbitzuak hobetzen lagundu; bizirik atera diren emakumeei entzun, segurtasun neurriak diseinatzeko; emakumeen ondoan egon; ekimen kolektiboei laguntza eman; biktimen salaketa prozesuetan laguntza eman; indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publikoak egin; eta elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin.

Oposiziokoen iritzia

EH Bilduko Ion Albizuren esanetan, konpromiso zehatzak hartzeko garaia iritsi da. "Manifestuan, konpromisoak hartzea baino nahiago dugu guk Berdintasun Planean lotzea horiek". Plan horren gainean kontu asko dituztela esateko gaineratu du, eta osoko bilkurara iristen denean helduko diotela eztabaida horri: "Agintaldi honetan egon den utzikeria, adibidez". Gaineratu du egindako plana "ederra" dela, baina baliabideak behar dituela horrek: "Ezin da oraingo baliabideekin, 2015ko aurrekontuaren erdiarekin gura dute-eta aurrera egin dezan".

Luis Mariano Gomez zinegotziak ere babesa erakutsi dio Eudelen adierazpen instituzionalari, baina aukera berdintasuna bermatu beharra nabarmendu du: "Soldata eta erantzukizun ezberdintasunak murriztu, esaterako. Bestetik, zaintza zerbitzua ematen duten enpresak zaindu behar dituzte erakundeek, bertako langileen baldintzak bermatzeko. Langile horietako batzuen esanak oinarri hartuta Bergarako epaitegian salaketa bat jarri dugu oraintsu, lege urraketa bat dagoelakoan". 

Egitaraua:

Azaroak 23, egubakoitza

• 19:00 Antzerkia: Frida; Arkupen. Sarrera: 4 euro.

Azaroak 25, domeka

• 13:00 Elkarretaratzea, Herriko Plazan.

• 18:00 Film emanaldia – Te doy mis ojos–, solasaldia eta mokadutxoa; udaletxe zaharrean.

Abenduak 1, zapatua

• 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 Autodefentsa ikastaroa; Ibarra kiroldegian. Izena aurrez eman behar da –azken eguna azaroaren 27a da–: Arkupe edo berdintasuna@aretxabaleta.eus

Bigarren Berdintasuna Plana

Karmele Uribarri: "Lau urterako Berdintasun Plan zoragarria egin dugu"

II. Berdintasun Plana bukatu berri dute.

Plana eginda dago, ezta?

Bai; kosta zaigu, baina bukatuta dago. Lagun asko elkartu gara: udal teknikariak, politikariak, feministak, herriko hainbat eragile… Eta guztion ekarpenak jaso, adostu eta aurrekontuak zehaztu behar izan dira. Hiru zirriborro egin ditugu, baina lana bidalita dago Emakundera. Haren oniritzia jasotakoan, osoko bilkuran aurkeztuko ditugu.

Kostatu egin da, baina plan osatua egin duzue, ala?

Bai, bai. Osatua da, ahots eta iritzi mordoa jaso ditugulako; ekarpen guztiak bildu eta forma eman gura izan diegu. Argi genuen adostasuna behar zuela planak, datorren agintaldian, edozein izanda ere gobernuan dagoena, aurrera eraman dezan.

Hortaz, lanaren emaitzarekin gustura?

Oso pozik nago, benetan ere. Ondo zehaztuta dago guztia –ekintzak, aurrekontua…–, zeharkakotasuna errespetatu da eta ikuspegi asko daude jasota. Plana zoragarria da.

Zelan eroango da aurrera?

Lau urterako da, urtarrilean hasita. Eta, horretarako, berdintasun aholkularitza bat hartuko da, erreferente izango den pertsona bat izan dezagun lanean Udalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak