Mila herritarretik gora Euskaraldiari ekiteko gertu Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 17a, 12:37

Dagoeneko mila lagunek egin dute bat Aretxabaletan datorren egubakoitzean hasiko den ekimenarekin (argazkiak Leintz euskaltegikoak), eta oraindik gehiagoren zain daude horren bueltan lanean dabiltzanak. Jaialdiarekin ekingo diote Euskaraldiari hilaren 23an.

 

Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu dute jaialdi hori, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Leizarra musika eskolakoek girotuko dituzte Herriko Plaza inguruak 17:00etan hasita; dantza emanaldiak eta hainbat kantu eskainiko dituzte. Baita txokolate-jana ere emanaldiok bukatutakoan. 

Ekitaldi nagusia, baina, 19:00etan hasiko da. Aretxabaletako hamaikakoak hartuko du hitza orduan, hamaika egunez iraungo duen ekimenari hasiera emateko. Bertsolarien txanda etorriko da gero; Iñaki Apalategi (Beasain, 1982) eta Iñaki Viñaspre (Gasteiz, 1984) gerturatuko dira jai giroan emateko hasiera, eta trikitilariak lagun hartuta bertso-poteoan joango dira. 

Hitzaldiak eta topaketa

Behin Euskaraldiari hasiera emanda ere izango dira ekitaldiak. Hilaren 27an, martitzena, Miriam Urkia euskaltzain oso aretxabaletarrak berbaldia eskainiko du: Euskaltzaindiaren hiztegian denontzat lekua dago. Arkupen izango da, 19:00etan.

Eta hilaren 28an, eguaztena, Kike Amonarriz gerturatuko da euskararen bueltako kontuen gainean jarduteko, beti umorez eta hausnarketa eraginez. Hau ere Arkupen da, 19:00etan.

Eguenean, hilaren 29an, ostera, belarriprest-en eta ahobizi-en topaketatxoa izango da, udaletxe zaharrean, 18:30ean. Ordura arte bizitakoak elkarri kontatzeko gunea egokituko dute.

Eta egubakoitzean, kontzertua emango du Manez eta Kobreak taldeak, Arkupen, 22:00etan (sarrera: 4 euro). Hainbat taldetan jardundako (Hegalka, Kokin, Kalakan...) Thierry Biscary du buru taldea kantu goxoak eskaintzera etorriko da.

Txapak hartzeko ordutegia 

Txapak hartzera Loramendi elkartearen bulegotik pasatu behar da (udaletxe zaharra). Hona hemen ordutegia:

  • Astelehen eta eguaztenetan: 09:00-12:00 eta 16:00-19:00.
  • Martitzen, eguen eta egubakoitzetan: 09:00-14:00.

Izena ere eman daiteke oraindik; bertan galdetu edo Euskaraldiaren webgunera jo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak