Zazpiko futbol zelaia, gertuago

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 16a, 17:26

Ibarra kiroldegi aurreko berdegunean egingo duten futbol zelaiaren proiektua dagoeneko gertu dago. Lanak esleituko dituzte orain, eta, urte berriarekin batera eraikitzen hasiz gero, udarako bukatuta izango delakoan daude Udala eta UDA.

Ia bi urte pasatu dira Ibarra kiroldegi aurreko berdegunean zazpiko futbol zelaia egingo zutela iragarri zutenetik. Eta horretarako lehen oinarriak jarri dituzte: proiektua. Arqunica Estudios taldeak egin du, eta, Udalaren eta UDAren oniritzia jasota, lanak esleitzea geratzen da orain. Unai Elkoro alkatearen esanetan, lehenbailehen egingo da lehiaketa deia; lanak egiteko hamasei aste aurreikusi dituzte.

Proiektuaren idazketa gertutik jarraitu dute udal ordezkariek: "Zelaia ahal zen handiena izan zedin gura genuen. Era berean, berdegune osoa ez genuen erabili gura; hala, zelaiaren eta skate parkearen artean zati bat hutsik geratu da, etorkizunean beste zerbait egin ahal izateko".

Lanen aurrekontua 451.260 euro da: "Udal aurrekontuan sartuta ditugu 400.000 euro, eta gainerakoa, UDAk hartuko du beregain", dio alkateak. Eta egunotan hitzarmena sinatuko dute bi erakundeek, Udalak eta UDAk: "Han jasoko da UDAk entrenamenduak dituen bitartean guretako izango dela, eta bestela, edonork erabili ahal izango duela", dio Agurtzane Elkorok, kirol elkarteko presidenteak. 

Ureztatuta eta argiztapenarekin

Sasoi bateko futbol zelaia egon zen lekuan bertan egongo da berria; hortaz, orduko arrastoren bat ager daitekeela uste dute proiekturen egileek. Berdegunearen mendebaldean eraikiko dute, eta egin beharreko lehenengo lana lurra berdintzea izango da. Futbol zelai inguruaren neurria zehaztu dute: 58x38 metro; eta zelaiak berak 52x32 izango ditu. Belar artifiziala jarriko diote eta hori ureztatzeko sei aspertsore izango ditu.

Hormatxo batek itxiko du zelaiaren ingurunea, eta haren gainean bi metroko hesia izango da; baloiek ez alde egiteko, ostera, 6 metrorainoko sarea jarriko diote. Argiztapena ere izango du zelaiak; 12 metroko lau zutabe jarriko dira eta bakoitzaren gainean LED motako lau proiektore. Hainbat sarrera izango ditu gune horrek; bata autoendako eta beste bi oinezkoendako bakarrik. Ihes egindako baloi bila joateko ere izango da beste irteera bat.

Futbolean jokatzeko behar den materialarekin hornituko dute gero: bi ate (porteria) mugiezin, kornerrendako lau zutabe, eskuz aldatzeko markagailua, jokalariendako aulkiak, ikusleendako eserlekuak eta zakarrontziak. Elkororen esanetan, ez da partidurik jokatuko hor: "Entrenatzeko soilik erabiliko dugu, partiduak jokatzeko txikia delako", eta gaineratu du: "Kirola egiteko zelaia izango da, gura duen guztiarendako zabalik. Nire esku balego, beste bat ere egingo nuke, mundu guztiak egin dezan kirola!". Aretxabaleta kirol elkartean dauden 500 kirolaritik, 400 inguruk dihardu futbolean. 

Ezaugarri nagusiak

Futbol zelaia

  • Tamaina: 52x32 metro
  • Belarra: Artifiziala
  • Ureztatzea: 6 aspertsore
  • Argiztapena: Lau proiektore (LED) dituzten lau zutabe (12 metro)
  • Instalakuntza: 2 ate; markagailua; 4 korner zutabe; jokalarien aulkiak; eta ikusleen eserlekuak.

Ingurua

  • Lurzorua: Hormigoizkoa
  • Horma: Hormigoizkoa
  • Hesia: 2 metro
  • Sarea: 6 metro.
  • Sarrerak: Autoendako bat, oinezkoendako bi

Agurtzane Elkoro: ""Edonork erabili ahal izango du zelaia"

Pozik dago UDAko presidentea, zain egon diren zelaia badator eta.

Gustura proiektuarekin?

Bai; guk eskatzen genuena da: zelai sinplea, itxura amerikarra duena –horma barik–, inpaktu gutxi eragiten duena inguruan eta edonori zabalik.

Garrantzitsua da UDArendako?

Bai. Batetik, leku barik gaudelako; 25 talde ditugu eta ezin dute gura beste entrenatu. Eta bestetik, gure azken proiektua lantzeko beharrezkoa dugulako; horrek dio gazteek zenbat eta ordu gehiago pasatu kirola egiten, orduan eta gutxiago egongo direla beste kontu batzuetan. Hori izan zen abiapuntua, gura duen guztiak kirola egin dezan baliabideak eskaintzea.

Aurrekontuaren zatitxo bat jarriko du UDAk, ezta?

Bai, hartutako konpromisoa beteko dugu; 50.000 euro inguru izango dira.

Bedarretako futbol zelaia

Aretxabaletako lehenengo futbol zelaia Bedarretan egon zen. Zerrajerak utzi zizkion lurrak horretarako, eta alboko beste bi lursail ere behar izan zituzten. 1950eko abuztuan inauguratu zuten, eta, horretarako, Athleticen eta Eibarren arteko partidua antolatu zuten; Athleticek irabazi zuen partidu hura (3-1) eta garaikurra Zarrak jaso zuen Gipuzkoako Federazioko idazkariaren eskutik. Bedarretako zelaiak, baina, hiru denboraldi bakarrik iraun zuela du gogoan Migel Igartuak, 1965 eta 1967 urte artean kirol elkarteko presidente izan zenak: "Zerrajeraren lursaila zen, ez zizkiolako saldu gura izan lurrak UDAri, eta Tubos lantegia egin ahal izateko tailerraren eta lursailaren beharrean izan zen. Dena den, zintzo jokatu zuten haiek, eta egindako gastuak ordaindu zituzten".

Markoleko zelaia

Markole inguruan futbol zelaia egiteko lurrak lortzen 1947an ere saiatu ziren, eta ahalegin horri berriro heltzea erabaki zuten. Hala, 1953an akordio batera iritsi ziren haien jabearekin, Bonifacio Arregi Garairekin. 10.304 metro koadroko lursaila 131.460 pezetaren truke erostea adostu zuten, bost urtetan ordaintzeko konpromisoarekin. Futbol zelaiak, ostera, 557.814 pezetako aurrekontua izan zuen; 594.683 euroko diru-sarrerak izan zituenez UDAk, irabaziak zelai berriaren zainketa lanetara bideratu zituzten. 1954ko abuztuan inauguratu zuten, eta orduan, Alaves eta Eibar taldeak gonbidatu zituzten. 

Lehenengo zelai hari hainbat hobekuntza egin zizkioten 1967an: lur buztintsua jaso eta hobea bota, ureztatzeko arekak egin, ur-berogailu berriak jarri eta belarra mozteko makina erosi, besteak beste. Behin lanok eginda, ahal zen egoera onenean mantendu gura zuten zelaia. Hala, partiduetarako bakarrik erabil zedin, beste zelai bat egokitu zuten haren alboan: anexoa. Hareaz eta lurrez egindakoa zen, araututako zabalerara (45 metro) iristen ez zena; entrenamenduetarako eta beheko mailakoen eta emakumezkoen partiduetarako erabili zuten, 1994a arte. "Oroitzapen benetan politak ditut; putzuz beteta egoten zen beti", dio han jokatu zuen Agurtzane Elkorok.

Udalarekin hitzarmena sinatu zuen 1990ean UDAk, eta futbol zelaiari zegozkion lurrak hari eman zizkion. Trukean, belar artifizialeko zelai berria egiteko konpromisoa hartu zuen Ibarran eta anexoaren lekuan. 1995ean inauguratu zuten zelai berria, emakumezkoen partidua jokatuta: UDA Bergararen aurka.

"Aretxabaletan zeresan handia du UDAk eta futbolak; niri neuri, dena eman didate: lagunak, balioak… Zaindu egin behar ditugu horiek", dio Elkorok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak