Ez zenuen esperientziarik udal jardunean, sartu zinenean; zelako esperientzia izaten dabil?
Ona; beti daude argi-ilunak, baina benetan aberasgarria da. Zinegotzi ardura hartu nuenean baino hobeto ezagutzen ditut orain bai herria, bai herritarrak. Hain zuzen, horregatik, lagun gehiago animatuko nituzke herriko kontuetan inplikatzera eta erakundeetan parte hartzera, guztiok garelako beharrezkoak gizarte anitzagoa osatzeko.
Zergatik erabaki duzu alderdia uztea?
Aspalditxoan nerabilen buruan erabakia; orain dela hilabete batzuk jakinarazi nion militante nintzen alderdiari, Ezker Anitzari, zinegotzi jardunarekin zer egin erabaki zezan. Interes handirik ez zutenez erakutsi, bukaera arte jarraitzea erabaki dut, hartutako konpromisoagatik eta botoa eman ziguten horiengatik. Arrazoia? Konturatu naiz alderdi guztiek denbora luzeegia daramatela politika egiten, eta nork bere botere zatia duela eta gauzak beste era batera egiteko eta aldatzen hasteko asmorik ez dagoela. Nire iritziz, herritarrek erantzukizun gehiago hartu beharko lituzkete, eta egoera hau aztertu, guztion artean beste formula batzuk bilatzeko aldaketara bidean. Hor daude herritarren kandidaturak, Bartzelonan Colau eta Madrilen Carmena, esaterako, alderdien sigla barik herritar ekimenekin lanean.
Hurrengo udal hauteskundeetarako zein asmo duzu?
Gura izanez gero Irabazi alderdiarekin errepikatu ahal izango nukeen, baina, esandako moduan, erabakita daukat ez dela hala izango. Era berean, beste aukera edo talde batzuk gerturatu zaizkit esanaz euren ateak zabalik ditudala. Oraindik badago denbora; hortaz, erabakia 2019ko lehen hilabeteetan hartuko dut.
Udalean ordezkaritza duzuen alderdi guztietako kideak zaudete Gobernu Batzordean; ez da ohikoa...
Hori izan da erabakirik onenetakoa, benetan asmatu da horrekin. Lehen eskutik jasotzen dugu informazioa, eta, era berean, guztiok dugu aukera iritzia emateko. Gero, erabakia Gobernuan dagoenarena da, baina guztioi entzuteko eta guztioi azalpenak emateko duen jarrera horrek adierazten du negoziatzeko duen aldartea; nire iritziz, positiboa.
Zerk bete zaitu gehien agintaldian?
Udal jardunean hasi eta laster, aho batez onartu genuen Aretxabaleta etxegabetzerik gabeko herri izendatzea. Bestetik, behin eta berriro eskatu ostean, partaidetza ordenantza onartu zen. 2018an, ostera, nire aletxoa jarri nuen emakumeek Martxoaren 8an egin zuten mobilizaziorako, egun batzuk aurretik zalantza zegoelako lanuztea deitzea.
Zerbait lortu ez izanaren penarik?
Etxegabetzerik gabeko herri izendatu eta urte eta erdira halako prozesu bat jarri zen abian, eta ez zen bukatu guk gura genuen moduan. Partaidetza ordenantzari ez zaio erabilerarik eman, hartutako lanarekin eta gastuarekin. Eta emakumeen aldarrikapenak ere pankarta hutsean geratu dira, benetako aukerarik eman barik horiei.
2019ko aurrekontuan lehentasunik ezarri duzu?
Beti esan dudan lez, herriaren diruaren %95 aurretik dago zehaztuta, hemen eta leku guztietan; hau da, gastu finkoak dira. %5, ostera, ezustekoetarako izango da, eta kiroldegi aurreko futbol zelairako. Eta ez dago askoz gehiagorik.
Besterik esan gurako zenuke?
Hector Prieto zinegotziarekin akordatu gura dut, agintaldi erdian utzi gintuena; elkarrekin egon ginen batzordeetan, zintzotasunaren eta lanerako gaitasunaren eredu izan zen.