Euskaraldia badator, ziztu bizian etorri ere. Eta harrera beroa egiteko asmoarekin eta herritar guztiak inplikatzeko horretan, hamaikakoak lanean jardun du egunotan. Larraitz Berezibar Armentia eta Oihana Garcia Insausti gidari direla, trebakuntza saioa jaso dute Euskaraldiaren ordezkari izango diren hamaikatik seik.
Ilusioa, kezkak eta gomendioak
Euskaraldian parte hartzeko motibazioen eta kezken gainean egin zuten gogoeta. "Motibazioen artean aipatu zituzten, esaterako, altxorra dela euskara eta zaindu beharrekoa, norbere alea jartzeko aukera dagoela orain, hiztun moduan autoestimua indartzeko ariketa dela eta egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko aukera datorrela", dio Garcia Insaustik, eta gaineratu du: "Kezkei dagokienez, hamabigarren egunetik aurrera zer gertatuko den izan zen nagusienetakoa". Ahobizi eta belarriprest rolen gainean ere jardun zuten, eta gogora ekarri zituzten horien eginbeharrak eta konpromisoak: "Zailtasunei aurre egiteko estrategiak ikasi genituen: Euskaraldia iritsi aurretik gertukoei azalpenak ematea, gaia mahai gainean jartzea modu naturalean eta lasaitasunez, eta aurreakordioa lantzea hamaika egunak iritsi aurretik, besteak beste".
Estereotipoak eta aurreiritziak ere izan zituzten berbetarako gai; pertsonaren itxuragatik gaztelaniara jotzea, esaterako: "Gomendio batzuk eman genituen: norbera aurreratzea eta lehen hitza euskaraz egitea, adibidez, eta jarrera baikorrarekin gerturatzea, irribarrea lagun".
Saio aberasgarria
Saioa oso aberasgarria izan zela dio Garcia Insaustik, batetik, hainbat adinetako lagunak elkartu zirelako, eta, bestetik, ahobizi-ak eta belarriprest-ak elkarrekin lanean jarduteagatik. Sortutako giro ona nabarmendu du, gainera: "Konfiantzazko giroan eta lasaitasunez jardun genuen lanean", eta gaineratu du: "Balorazio ona egin zuten eurek, eta eskertu egin zuten elkartzeko aukera eman izana, indarra hartzeko".