Euskal Herriko hormetan egindako aldarrikapen pintaden —grafiti politikoak eta sozialak— eta muralen esanahia, balioa eta erabilera sinbolikoa aztertzen jardun du Murgoitiok.
Arrasaten estreinatu zuen Margotutako hormak izeneko erakusketa, eta orain Arkupen dago ikusgai.
Bi erakusketen artean ikertzen jarraitu du Murgoitiok eta hazi egin da erakusketa; izan ere, Aretxabaletan bertan jasotako pintaketen eta muralen argazkiak ere batu ditu: "27 argazki berri sartu ditut, 17 paneletan banatuta", adierazi du. Aretxabaletako hormetan agertu izandako aldarrikapen pintadak eta muralak dira, gehienbat.
"Artxiboan aurkitu ditut gauza batzuk, baina hemen zailtasun handiena izan da ez dagoela pintaketen eta muralismo politikoaren gaineko erregistrorik". Hala, beste modu batera egin behar izan du ikerketa Murgoitiok. "Herritar askorekin egon naiz, eta kazetariekin ere bai", azaldu du.
Diseinu grafikoa ere zehaztu duela adierazi du. "Erakusketa Arkupeko sarreran hasten da, seinaleak gehitu ditut eta pankarta handi bat ere bai", azaldu du.
Publiko guztiarendako erakusketa da eta egileak gidatutako bi bisita egiteko aukera ere egongo da. "Erakusketa galderak egiteko planteatuta dago. Bisita gidatuetan ikerketa egiterakoan egon diren sorpresak, ikerketa bera nola joan den eta zein zailtasun/erraztasun izan ditudan azalduko dut".
Bisita gidatuak egilearekin
Erakusketa urriaren 30a bitartean izango da zabalik: astelehenetik egubakoitzera, 11:00- 13:00 eta 18:00-20:00 eta zapatuetan, 11:00-13:00. Bisita gidatu bi ere eskainiko ditu: urriaren 9an, astelehena (18:30), eta urriaren 20an, zapatua (12:00). Horretarako aurrez izena ematea komeni da honako helbidean: josunemurgoitio@gmail.com