Domekan San Migel jaien barruan egingo diren herri kirol probek denetarik izango dute. Hain zuzen ere, herriko plazan egingo dira, 13:00etan. Lehenik, erakustaldia egingo da eta horren ondoren, lehiaketaren txanda izango da.
Hasteko erakustaldia
Alex Txikon, Julen Aranberri, Telletxea eta Bihurri aizkolariak arituko dira, lehenik. Iparraldeko jokoak egiten Karlos Aretxabaleta arituko da –lasto fardo altxaketa, ingude jasotzea eta lasto jaurtiketa– eta harri jasotzen Joseba eta Udane Ostolaza aita-alabak arituko dira.
Aita eta alaba, harria jasotzen
Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza aita-alabak dira eta harria jasotzen arituko dira domekan, Aretxabaletako herriko plazan. Aitak Orion harri eskola bat sortu zuen duela urte batzuk, eta, hamar mutiko inguru egoteaz gain, bere alabari harriak nola jaso erakusten dio. Harria jasotzea zer den ezagutu nahi dutenei zuzenduta dago eskola, batez ere. Udanek 13 urte ditu eta 20 kilo dituen harri bat jasotzeko gai da, eta, hori gutxi balitz, eskubaloian ere jokatzen du. Hala ere, aitarekin erakustaldietara joatea eta harria jasotzea gustatzen zaio.
Ondoren, lehiaketa
Erakustaldiaren ostean, lehiaketarekin hasiko dira eta bi hirukoteren artean pentatloia jokatuko da; hau da, aizkoran, harria jasotzen, trontzan eta txinga korrika eramaten aritzea. Hori amaituta, motozerra-proba izango dute eta, saioari amaiera emateko, harri jasotzaileek agurra egingo dute.
Herri kiroletako promesak
Ernesto Ezpeleta Bihurri aritu da domekako hitzordua antolatzen, eta, adierazi duenez, Aretxabaletan egingo den erakustaldian proba asko ikusteko aukera egongo da. Horrez gainera, aitortu du herri kiroletan esperientzia dutenak eta gazte promesak gonbidatu nahi izan dituztela, azken horiek ezagutzen joateko helburuarekin.