Balkoietatik ere bota daitezke bertsoak

Mirari Altube Arrese 2018ko ira. 28a, 12:04

Jon Maia eta Sebastian Lizaso. Argazkiak: bertsoa.eus

Jon Maia eta Sebastian Lizaso bertsolariek balkoitik balkoira emanaldia eskainiko dute, San Migel jaien barruan, bihar, zapatua, Durana kalean (12:30); Lekaixoka bertso eskolako kideek bertsotan egiteko formatu hori berreskuratu gura izan dute.

Balkoitik balkoira formatua berreskuratu gura izan du Lekaixoka bertso eskolak sanmigeletan. Eta aurkezpenik behar ez duten bertsolari bi gonbidatu ditu horretarako: Jon Maia (Urretxu, 1972) eta Sebastian Lizaso (Azpeitia, 1958). Durana kale hasieran –Pagaldaixenetik gertu–, azokaren zalaparta baretze aldera, jardungo dute bata besteari bertsotan (12:30).

Azokaren erdigunean

"Beste herri batzuetan jarduten dute balkoitik balkoira eta gurean ere, sasoi baten, antolatzen ziren halakoak; nik, behintzat, gogoan dut gaztetxotan ikusi izana", dio Martin Berrizbeitiak, Lekaixoka
bertso eskolako kideak. Hala, horren aldeko apustua egin dute aurten, zerbait diferentea eskaintze aldera: "Ez dakigu zelan aterako den. Izan ere, ordu horretan, eguerdian, eta gune horretan, Durana kalean, nahikoa joan-etorri eta zalaparta izango da azoka dela eta. Indar handiko megafonoak eskatu ditugu, ondo entzuteko, baina ikusi egin behar... Proba bat izango da, eta ondo ateraz gero, datorren urtean errepikatu egingo genuke".

Jai giroan ondo moldatzen direnak

Jai giroan bertsotan ondo moldatzen diren bi bertsolari hautatu dituztela ere gaineratu du Berrizbeitiak: "Librean kantatuko dute, eta jaien bueltan eskarmentu handia dute biek ala biek. Era berean, ezagunak izan zitezen ere gura genuen, jende gehiago erakartzeko, eta uste dut lortuko dugula. Saio polita izango delakoan gaude". Horregatik, herritarrak gerturatzera gonbidatu gura ditu: "Formatu honen abantaila da ez dagoela zertan osorik ikusi, ez da saio bat, une batean balkoi azpian geratu eta gozatzea da kontua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak