Aretxabaletako eta Arrasateko musikariz osatutako Sei Pistols & Trabuko Bat taldeak izango du aurten ere jaien lehenengo gaueko kantu afaria girotzeko ardura. Aitor Ziardegi taldekidearen esanetan, "gogoz" daude urteroko hitzordurako: "22:00 edo 22:30 inguruan hasiko gara kantuan, herritarrak afalostean mahaiaren bueltan daudela.
Azken urteetan Herriko Plaza bete egin da eta gehiagora joan den zerbait dela esango nuke. Kontzertu batekin konparatuz, gainera, luzea izaten da kantu afarietan egiten duguna, eta errepertorio zabalarekin joango gara aurten ere, ondo pasatzeko helburuarekin".
Bi kantu berri
Betiko euskal kantuak abestuko dituzte, errepertorio zabala dute prestatuta eta liburuxkak badituzte dagoeneko kantu afarira joango diren herritarrek.
Aurten, bi kantu estreinatuko dituzte: Ken 7 taldearen Hemen gaude eta egubakoitzetako kantu poteoan abesten duten Aitor Ziardegik sortutako abestia. "Hileko azkenengo egubakoitzetan egiten ditugun kantu poteotan ezaguna da dagoeneko duela pare bat urte sortu nuen kantua eta hori ere egingo dugu aurten. Talde horrendako egin nuen abestia eta beste instrumentu batzuendako ere prestatu dugu orain. Kantu herrikoia da, klasikoa", adierazi du Ziardegik. Eta gaineratu du dantzarako abestiak ere sartuko dituztela tarteka, seguruenez, jendea festarako gogoz egoten da eta.
Aurten, nobedade moduan, gainera, Poto ezizenez ezaguna den baxu-jolea ere batuko zaio Sei Pistols & Trabuko bat taldeari, eta, ondorioz, zortzi musikari egongo dira agertokian. Herritarrak abesteko gogoz joatea izango da garrantzitsua, guztien parte- hartzerekin euskal kantuekin disfrutatu dezaten.