Mugikortasuna sustatze aldera ekintza mordoa antolatu dituzte datozen egunetarako

Mirari Altube Arrese 2018ko ira. 13a, 07:45

Bizikletak eta gehiago iaz egindako azokan.

Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin eta irailaren 15etik 23ra bitartean ekintza mordoa izango dira herrian Udalaren eta hainbat eragileren eskutik; besteak beste, Skate Festa, bizikleta martxak, bigarren eskuko bizikleta azoka eta ibilaldi osasuntsua.

Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin du beste behin Aretxabaletako Udalak eta hainbat eragilerekin elkarlanean ekintza ugari antolatu ditu Konbina ezazu eta mugi zaitez! leloaren baitan. " Helburua, herritarrak garraio desberdinak erabiltzera animatzea da. Modu horretan irabaziko da erosotasunean, aurrezpenean, eta gainera, jasangarriagoa izango da. Hau da, garraiobide publikoak eta jasangarriak konbinatzea da mezuaren muina", jakinarazi dute Udal ordezkariek.

Skate Festa zapatuan

Zapatuan emango diote hasiera asteari Skate Festa eginda Markoleko parkean. Arraska taldeak antolatu eta girotuko du jaia, eta edonork parte hartu ahal izango du, hasiberria izan zein aditua. Domekarako, ostera, mendi bizikleta martxarako deia egin du UDAk (08:30). Hiru ibilbide gertatu dituzte.

Eguaztenean, irailaren 19an, bigarren eskuko bizikleten azoka eta ibilgailu elektrikoen erakusketa izango dira Herriko Plazan; azken horietako batzuk Aretxabaletako Lanbide Institutuko ikasleek egindakoak. Azokan (17:00-20:00) hainbat material batuko dituzte: bizikletak, patineteak, kaskoak... Horietako zerbait saltzeko interesa izanez gero, martitzenean (11:00-13:00 eta 17:00-19:00) zein eguaztenean (11:00-13:00) jasoko dituzte Herriko Plazan.

Eguenean, hilaren 20an, martxa osasungarria egingo dute, Ibarra kiroldegitik abiatuta. Eta hurrengo domekan, hilaren 23an, familiendako bizikleta martxa izango da. Kurtzebarri eskolako kantxatik irtengo dira (10:15)Eskoriatza aldera joateko; ibilbidea: Aretxabaleta-Torrebaso-Aretxabaleta. Hamarretakoa eskainiko diete guztiei bukaeran.

Egitaraua

Irailak 15: Skate Festa

  • 11:00 Ikastaroa hasiberriendako.
  • 14:30 Skate librea.
  • 15:30 Skate txapelketa.
  • 17:30 Sari banaketa.

Irailak 16: MTB martxa

  • 09:00 Mendi bizikleta martxa UDAk antolatuta. Hiru ibilbide aukeran (10 km., 27 km. eta 45 km.); Herriko Plazatik abiatuta (08:30 izen-ematea).

Irailak 19: Azoka

  • 17:00 Bigarren eskuko bizikleten azoka, plazan.
  • 17:00 Ibilgailu elektrikoen erakusketa.

Irailak 20: Ibilaldia oinez

  • 09:30 Ibilaldi osasuntsua kiroldegitik abiatuta.

Irailak 23: Irteera bizikletan

  • 10:15 Bizikleta irteera familiendako, Kurtzebarriko kantxatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak