Kurtzebarri eskolaren eraikinarentzat irudi bila

Mirari Altube Arrese 2018ko uzt. 20a, 08:11

Gu Haziak Gara elkarteak Kurtzebarri eskolaren lau paretak margotzeko asmoa dauka. Gaia hautatuta du: inguruko natura. Eta orain, lehiaketa bidez gai hori irudikatuko duen marrazkia aukeratuko du. Bozetoak aurkezteko epea abuztuaren 20an itxiko dute.

Kurtzebarri eskolaren lau hormak margotu egingo ditu Gu Haziak Gara elkarteak. Udalaren oniritzia du, eta horretan hasi aurretik eraikinak beharrezko dituen konponketa lantxo batzuk egitea ere aurreikusita dauka. Margotuko den irudia aukeratzeko lehiaketa deitu du elkarteak; lanak abuztuaren 20rako aurkeztu beharko dituzte.

Inguruko natura gaiatzat hartuta

Gaia aukeratuta dago, aurretik egin den parte-hartze prozesu bati esker: "Inguruko natura da gaia, eta muralean agertu beharko dute bertako animaliek eta landareek, intsektu autoktonoek, eskolako ortuak eta Kurtzebarri mendiak", jakinarazi du Paloma Martinezek, Gu Haziak Gara elkarteko arduradunak. Eskatu dute artistak Leintz aldekoak izatea; hau da, aretxabaletarrak, arrasatearrak edo eskoriatzarrak, eta, gehienez, bi bozeto aurkeztuko dituzte.

Lanak abuztuaren 20rako Gu Haziak Gara elkartera bideratu beharko dira (guhaziakgara@ gmail.com), PDF edo JPG formatuan, honako hau zehaztuta: Kurtzebarri bozeto lehiaketa eta obraren titulua; eta bi artxibo erantsita: bozetoa eta egilearen datuak. Bozetoak eskolako planoetan oinarrituta egongo dira (planoak hemen eskuragai: www.facebook.com/kurtzebarri).

Lehenengo bost irudiak epaimahai batek aukeratuko ditu, eta epaimahai hori osatuko dute Udaleko, eskolako eta Gu Haziak Gara elkarteko ordezkari banak, herritar batek eta bi muralista profesionalek. Hautatutako horiek ikusgai jarriko dituzte gero, eta irabazlea herritarrek aukeratuko dute boto bidez; irailaren erdi inguruan izango da hori. Irabazleak obraren eskubideak emango ditu eskolako hormetan margotu ahal izateko.

Artisten lanak saritu egingo dituzte; hautatutako bosten egileek jasoko dute 100 euroko bonua Aretxarteko komertzioetan erabiltzeko, eta hiru bozkatuenek diru saria ere bai: lehenengoak, 800 euro; bigarrenak, 200 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. 

Irabazlea, herritarrek hautatua

Irailaren erdi inguruan jarriko dituzte aukeratutako bost irudiak ikusgai eta herritarrek gustukoena hautatu ahal izango dute. "Behin bozetoa erabakita, horma gertatuko dugu. Asmoa da kantxara ematen duen horma margotzea lehenengo. Udazkenean eguraldi ona badugu, orduantxe margotuko dugu, baina, seguru asko, datorren urteko udan egin beharko dugu", dio Martinezek.

Behin lehenengoa bukatuta, bigarrenari helduko diote hurrengo urtean, eta, hala, laurak margotu arte: "Bozetoa lau hormendako izango da, uniformetasuna zaintzeko eta, era berean, estiloa mantentzeko".

Paloma Martinez: "Herriak herriarendako sorkuntza lan polita egitea da helburua"

Lehiaketaren nondik norakoen berri eman du Gu Haziak Gara elkarteko ordezkariak.

Gaia parte-hartze prozesu bidez aukeratu duzue…

Bai; herrian jarritako kutxetan hainbat ideia jaso genituen, eta gero, gai bozkatuena izan zen gure inguruko natura. Ondoren, eskolan landu genuen gaia, inguruko natura zer den eta zein irudi agertu beharko liratekeen zehazteko.

Zeintzuek margotuko duzue?

Izaro Sanchez eta Joana Manzisidor artistek gidatuko dute prozesua, baina edonork parte hartu ahal izango du. Zeuk ere bai, bertatik pasatuz gero. Muralaren beheko partea, metro eta erdirainokoa, umeek margotuko dute; horregatik, bozetoan elementu konplikaturik ez diseinatzeko eskatu dugu. Eta umeak diogunean, herriko ume guztiak dira.

Egitasmoaren helburu nagusia zein da?

Harreman berriak sortzea; herriak herriarrendako sorkuntza polit bat egitea elkarlanean. Ez da inporta, nagusia izan, gaztea, beloa duena, emakumea, gizona… Guztiok eman dezakegu zerbait gure herria hobetze aldera.

Beste mural batzuk margotu dituzue, pozik?

Gu oso pozik gaude bizitakoekin eta emaitzekin eta Udala ere bai, hortaz, aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak