Euskaraldiarekin bat egin du Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2018ko uzt. 19a, 15:04

Aho batez onartu zuten udalbatzako kideek atzoko ohiko osoko bilkuran Euskaraldiaren aldeko adierazpen instituzionala. Horren bitartez, ahobiziak eta belarriprestak aktibatzeko urratsak egiteko konpromisoa hartu zuten eta herritarrak ekimenarekin bat egitera gonbidatuko dituzte.

Eguaztenean egindako osoko bilkuran, Euskaraldiarekin bat egin zuen Udalak. Hori baino gehiago, ekimenaren sustatzaile izatea onartu zuten udalbatzako kideek, baita "erantzukizunez eta eredugarri izanez jokatzea" ere. "Euskaraldiari atxikimendua eman diogu adierazpen honekin, bai Udal barruan bultzatzeko, bai kanpoan. Euskararen erabilera sustatzeko azaro eta abendu bitartean hamaika egunez egingo den ariketa izango da", zioen Aitor Gabilondo Euskara zinegotziak.

Batzordea martxan

Ordezkari politikoak konpromisoak hartzeko gertu azaldu ziren, "bereziki, Udal barrura begira", eta ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo dituztela onartu: "Ahobizi-ok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu. Belarriprest-ok gainerakook gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten". Era berean, herritarrak ere ekimenean parte hartzera gonbidatuko dituztela adierazi zuten, "izena emateko bideak erraztuz".

Gabilondo zinegotziak gogorarazi zuen Aretxabaletan osatuta dagoela lantalde bat: "Martxan dago batzordea eta buru-belarri dabil lanean". Batzorde hori indarberrituta itzuliko da irailean, eta, orduan, hainbat ekimen jarriko ditu abian. 

"Udalak, asko egiteko"

Adierazpen instituzionala aho batez onartu bazuten ere EAJk, EH Bilduk eta Irabazik, Ion Albizu EH Bilduko zinegotziak azpimarratu gura izan zuen Udalak zeresan handia duela kontu honetan: "Asko du egiteko. Izan ere, Udalaren esku dago, esaterako, euskaltegia, eta haren bitartez euskararen jakintza bultzatzea.

Matrikularen doakotasunaren bidea zabaldu gura izan dugu guk, eta ildo horretatik proposatu genuen matrikula erdira jaistea datorren ikasturtean; baina ez ziguten onartu".

Bestetik, euskaraz ez dakitenei begira, zera dio Albizuk: "Belarriprest direnen konfiantza berreskuratu beharra dugu; maitemintzen lagundu behar diegu eta erakarri egin behar ditugu euskarara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak