Ohitura zaharrak, aurrera begira

Mirari Altube Arrese 2018ko uzt. 17a, 08:10

Loramendi elkarteko Toponimia taldeak kintoen ohituraren nondik norakoen gaineko azterketa egin du, jasota uzteko asmoz. 1956 eta 2018 urte artean Santa Ageda kuadrillatan ibilitakoei inkestak bidali dizkiete eta 63 lagunen erantzunak jaso dituzte.

"Basabe baserriko Jose Luis Katxo zenak komentatu zigun urte hartan, 2017an, Basabetik ez zirela Santa Ageda neskamutilak pasatu. Bat-batean ohartu ginen transmisioak kale egin zuela; izan ere, betidanik Basabekoa izan da Santa Ageda bezperan neska-mutilek lehenengo jo izan duten atea", diote Loramendi elkarteko toponimia taldeko kideek, Julen Abasolok eta Gorka Madinabeitiak. Eta gaineratu dute: "Ohartu ginen kintoen inguruko ohiturak zerbaiten beharrean egon zitezkeela, urte batetik hurrengora transmititzen den hori itxuraldatzen doalako".

Halaxe jarri zuten martxan kintoei lotutako ohituren bilakaeraren azterketa lana. 1956 eta 2018 urte artean Santa Ageda kuadrillatan ibilitakoei, hau da, aurten 19 eta 80 urte artean dituztenei, inkestak banatu zizkieten, eta 63 erantzun jaso zituzten. Horiek guztiak bildu eta ohituraren bilakaera jasota utzi gura izan dute; eta, era berean, hausnarketarako atea zabaldu.

San Juan bezperan tantaia

Ekainaren 23an, datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango direnek tantaia altxatzen dute Herriko Plazan. Aurten, esaterako, 2000n jaiotako 70en bat neska-mutilek jardun dute horretan.

"Soroak eta bertako uzta babesteko jasotzen zen tantaia, baita hodei ilunak eta txingor zaparradak uxatzeko ere; seguru asko, bere konjurua ere izango zuen", diote toponimia taldeko kideek. Tantai hori Aretxabaletan "beti" jarri izan da San Juan bezpera iluntze-gau partean, eta Aozaratza auzoan ere bai 1960ra arte. Zuhaitz horrek lapurtutakoa izan behar zuen –orain, Udalak ordaintzen du–: "Askotan, ikusiak ez izateko, ilundu eta gero joaten ziren haren bila. Inoiz, ugazaba konturatu egiten zen lapurretaz, eta, halakoetan, tantaia kentzerakoan, egurra harendako izaten zen".

Mehea, luzea eta zuzena izan behar du tantaiak; sasoi batean, makala izaten zen gehienetan, eta, azken urteotan, pinua ekartzen dute. Behin jaso beharreko tokira eroanda –bizkarrean garraiatuta batzuetan, gurdiarekin lagunduta bestetan– ,zuritu egiten da: "Puntako adarrak tantaiari bertan utzi behar bazaizkio ere, azken urteotan ez da horrela egiten", diote bi kideek, eta gaineratu dute: "Sasoi batean loreak jartzen zirela puntan gogoratzen duenik badago, baina, gehienetan, baratzeren batean hartutako aza"; beste barazki batzuk ere jarri izan zaizkio: tipula, porrua eta letxuga, esaterako.

Herriko Plaza erdian zutitu izan da gehienetan, gauerdiaren bueltan, eta horrek lanak eman izan dizkie kintoei: "1981ean zutitu gabe geratu zen eta hurrengo egunean garabi batekin jaso zuten. 1985ean ere zutitu gabe geratu zen, lagun batek min hartu zuelako. Eta 2002an, lagun bat anbulantzian eraman ondoren, zati bat kenduta lortu zuten igotzea", jakinarazi dute. Behin zutituta, herritarrei gazta, ogia eta ardoa eskaintzea da ohitura; hain zuzen, aurten berreskuratu dutena. Tantaia kentzeko ardura, 80ko hamarkada arte, jaso zutenena izaten zen; San Pedro bezpera egunez berriz elkartzen ziren kentzeko. Ordutik hona, Udala arduratzen da horretaz.

Santa Ageda bezpera

Tantaia jaso duten kinto horiek hurrengo urtean Santa Ageda ospatzen dute. "Santa eskea askok Aratusteekin lotzen dute, eta, haiek bezala, negu erdian lurra iratzartzeko erritual bat izan daiteke, lurra makilekin jota eta eskean ibilita; gero, bildutakoarekin ospatu ahal izateko", uste dute Abasolok eta Madinabeitiak.

Gazte kuadrilla bakar bat baino gehiago ateratzen zen sasoia ere izan zen: "Boliñan esan ziguten urte batean hamabi kuadrilla pasatu zirela eskean: Areantzakoak, Mendiolakoak, Galartzakoak, kalekoak, Zubillagakoak, Urrexolakoak… Izan ere, auzo inguruetan, behintzat, lau edo bost mutil elkartzea nahikoa izaten zen etxerik etxe kantuan hasteko". Kaleko kuadrillak beti izan dira jendetsuagoak, baina 1980a arte 30 lagunetik behera elkartzen ziren; hortik aurrera gehiago, eta neskak sartu direnetik gora egin du kopuruak. 

Santa eskean irteterakoan Goroeta aldea batu izan dute goizez beti, Basabe baserrian hasita, eta arratsaldez, Muru aldea. Orain, lehen legez, musikariak izaten dituzte lagun: txistulariak, soinu-joleak eta azken urteotan trikitilariak. "Sasoi batean, ohikoa zen etxe bakoitzean hari zegokion kopla bat edo beste kantatzea. Baina hori galdu egin da", diote, eta gaineratu dute: "Baserri batean norbait hil berria bazen, otoitz egitea edo kantatzea zer nahiago zuten galdetzen zitzaien etxekoei. 1988a jaso dugu hori egin zen azken aldia". Sasoi batean, janzkerari ez zioten kasu handirik egiten; gerora etorri zen baserritar jantzita joatea. 

2007ra arte kintoekin batera bi mutiko ibiltzen ziren eskean eta jende aurreko plazako dantzetan. Neskak geroago hasi ziren: "1994an bozketa egin zuten eta ezezkoa eman zitzaien", diote. 2006an, neska batzuek dantzan egin zuten Aratuste egunean, baina hurrengo urtekoei ez zieten ateratzen utzi; 2008az geroztik, mutilak eta neskak batera ateratzen dira.

Baserrietan jatekoa batu izan da, batez ere: arrautzak, txorizoa, ogia, eta abar. Eta gaur egun, berriz, dirua da gehien jasotzen dutena. Santa Ageda neska-mutilek, ostera, ardo-zahatoa eraman izan dute ardo tragoa eskaintzeko: "Edozelan ere, hori ere galdu egin da".

Santa Ageda eguna kalean

"Santa Ageda egunez, goizean goiz atera izan dira kantuan, 06:00etan, meza entzun eta gero. 1961ean oraindik horrela egiten zuten", diote. Auzoetako kuadrillek ez bezala, kalekoek "zereginari dagokion janzkera" eramaten zuten: alkandora, praka eta alpargata zuriak. Lepoko zapia, gerrikoa eta txapela ere bai, eta gaur egun jertse gorria; lehen, ostera, txaketa iluna. Makila derrigorrezkoa zen santa eskean ibiltzeko. "Banderak erabiltzea ere ohikoa zen. Gerra aurreko argazkietan, Espainiako banderak eskuetan ageri dira. Gerra ostean ere ibiltzen zirela gogoan dute, eta 70eko hamarkadatik aurrera ikurrina erabili izan dute".

Iluntzean, banakoa egiten dute dantzan Herriko Plazan. Txistulariak aurretik direla eskutik helduta biribilketan sartzen dira plazara, eta soka osatuz borobilean jarri. Lehenengo, dantza desafioa egiten da, eta jarraian, banakoa. Ondoren, jende artetik bi lagun hautatzen dira agurra eta banako zaharra dantzatzeko. Herritarrak ateratzen dituzte gero: "Sasoi batean, Pagaldai tabernara edo beste batera gonbidatzen zituzten horiek txokolatea hartzera. 2008a arte izan zen horrela; gero, galdu egin da".

Santa Ageda eguna pasatuta, Aratusteak bitartean domeka guztietan elkartzen dira bazkaltzeko eta, gero, dantzan egiteko. Aurtengoek Aratuste domeka bakarrik izan dute, baina datorren urtekoek asko izango dituzte. "Oso gutxitan geratu dira dantzak egin barik. 1969an, bozkatu eta gero, ez egitea erabaki zuten, egoera politikoa salatzeko". Era berean, aspaldiko kontua da UDAko futbol taldeak etxean jokatzen duen domekan kintoen kuadrilla partidura joatea herrikoak animatzera.

Aratusteetako domekan, gainera, ohitura da txino dantza egitea; horren ardura kintoek dute 1997az geroztik. 

Kintoen bizipenak

Hausnarketa sakonaren beharra

Loramendiko toponimia taldeko kideek, Julen Abasolo eta Gorka Madinabeitiak, ohitura ondo jasota uztearen garrantzia nabarmendu dute. "Ospakizun hauen guztien jatorria oso antzinakoa da. Kintoa izatea erritual iniziaziokotzat har zitekeen, baina testuingurua aldatzen joan da eta erritual horrek izan du aldaketarik: nork deitua izan den, neskak sartzea, soldadutza eta erlijioarekiko loturaren desagerpena… Garai berriak ekarri dituen aldaketak dira, sasoi berrietara egokituaz. 

Badira, ordea, beste aldaketa batzuk gehiago kezkatzen gaituztenak: tantaiaren ezaugarriak; nola jaso; altxatu ostean eskaintzen zaiena herritarrei; baserri guztietara ez joatea eskean; mutiko txikirik ez ibiltzea; txokolatea hartzeko gonbidapenik eza…

Hau horrela ikusita, presa barik baina gerorako utzi gabe, eta herritarren parte hartzearekin kinto ospakizunaren inguruan hausnarketa sakon bat behar dela irizten diogu. Ohitura honen protagonistek herriaren aurrean eginkizun bat bete beharra daukatela uste dugu, alai eta umoretsu, eta hori itxura baten egin eta gero etorri beharko luke gazteei ukatu ezin zaien parranda.

Gai honek ahalegin bat eskatzen du. Ospakizunaren erritualaren zergatia, informazioa eta, batez ere, horren transmisioa aztertu, birpentsatu eta adostu beharko genuke. Hau guztia, gure ohitura eder honek osasunez eta zentzu osoarekin urte askotan iraun dezan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak