"Giro aldetik oso ondo egon da, jende asko ibili da asteburuan Aretxabaletan, herriko jaien itxura hartu du herriak; aztertzeko daukagu oraindik ekitaldiz ekitaldi erakarri duen jende kopurua, baina ez dakigu zenbateraino lortu dugun kanpotik jendea gurera erakartzea. Bertakoek, herrikoek zein Debagoieneko beste herrietakoek ere oso ondo erantzun dute, lagun askok hartu dute parte, orokorrean, ekitaldi guztietan; baina Puntaik Punta jaialdiaren helburua, azken finean, ez da bakarrik ondo pasatzeko jaialdi bat antolatzea, Debagoiena ezagutaraztea ere asmo nagusien artean dago, eta, alde horretatik, hobeto aztertu beharko dugu, eta horretan ari gara orain, datu guztiak biltzen azterketa zehatzagoa egiteko", azaldu du Aretxabaletako alkate Unai Elkorok.
Jaialdiaren etorkizuna urte bukaerarako zehaztuko dutela dio Elkorok: "Datuak eskuetan, ikusiko dugu laugarrenik izango den eta zein herrik hartu duen antolatzeko erronka".
Ibilaldi guztiak, bat izan ezik Aurreikusten zuten moduan, kultur ekitaldiak arrakastatsuak izan direla dio alkateak: "Egubakoitzean eguraldiak ez zuen askorik lagundu; hala ere, ez zen traba izan Herriko Plaza jendez betetzeko. Era berean, asmatu genuen zapatu eguerdirako kontzertua programatzen". Ibilaldi eta tailerrei dagokienez, zera dio Elkorok: "Nording walking-a izan ezik, beste guztiak egin ziren; jende gehien Murrukixorenak batu zuen, urtero legez: 200 lagun. Senderismo Azokan izan zirenak ere pozik daude; beste jaialdietan baino liburu gehiago saldu zituztela zioten"